Brusela, Belgika. Bruselako Euskal Etxeak oharra plazaratu du azalduz bere bazkide eta lagunei berriro ere suertatu dela Kalakanen kontzertua atzeratu beharrean, pandemiak eragindako egoera ez baitago oraindik ere batere kontrolpean eta beraz zuhurtziak eta segurtasun neurriek honelako elkarretaratze jendetsurik ez egitea agintzen baitute. Gogora dezagun Kalakanen kontzertua martxoaren 20rako zegoela hasieran antolatuta hiriko Mercelis Antzokian eta pandemia lehertu zelarik Bruselako EEak abenduaren 5a ipini zuela data berri.
Hauxe da euskal etxe bruselarrak euskaraz (gaztelaniaz, flandieraz eta frantsesez ere) bidali digun oharra:
"Dakizuen bezala, #Bruselakoeuskaletxea k Kalakanen kontzertua bertan behera utzi egin behar izan zuen martxoan Covid19 aren agerpena zela eta. Egoerak hobera egingo zuelakoan lanean aritu gara kontzertua abenduaren 5ean egin ahal izateko itxaropenarekin baina berriro ere bertan behera uztea behartuta gaude. Guk gogoz lan egingo dugu egoera hobetu ahala kontzertua antolatzeko helburuarekin. Jakinaren gainean jarriko zaituztegu!"
"Dena den, momentuz data finko bat ezin dugunez eman, sarreren dirua berreskuratzeko aukera eman nahi dizuegu. Beraz dirua berreskuratu nahi duzuenek bidali iezaiguzue mezu bat mesedez bruselakoeuskaletxea@gmail.com helbidera edo facebook-era. Sarreren dirua Bruselako Euskal Etxeari eman nahi badiozue, ordea, ez duzue ezer egin behar. Eskerrak ematen dizkizuegu! Mila esker denori eta zaindu! "