euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Brontze ebasleek Euskal Artzainaren Monumentu Nazionala desegin dute Renon (argazkiak eta bideoa)

2011/02/11

Euskaldunena eta euskal-amerikarrena ezezik, Nevada estatuko eta AEBetako West-eko arte eta kultura-ondarea ere bada Renoko Euskal Artzainaren Monumentua, 'Society of Basque Studies in America' erakundearen ekimena izan zena (argazkia EuskalKultura.com)
Euskaldunena eta euskal-amerikarrena ezezik, Nevada estatuko eta AEBetako West-eko arte eta kultura-ondarea ere bada Renoko Euskal Artzainaren Monumentua, 'Society of Basque Studies in America' erakundearen ekimena izan zena (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Renoko 'National Monument to the Basque Sheepherder' delakoak (Euskal Artzainaren Monumentu Nazionalak) itxura desitxuratua eskaintzen du gaur egun, kokaleku duen hiri nevadatarreko Rancho San Rafael Parkearen baitan. Aurretik izanak zituen eraso txikiak, baina oraingoan, brontzea ebatsi eta saltzea helburu duen talderen batek monumentuko parte diren metal horretako plaka guztiak porlanezko euskarrietatik atera eta eraman egin ditu. Hala uste du Washoe konderriko sheriffak, askoz haratago joateko pista aldetik urri badabil ere. AEBetako, Euskal Herriko eta Diasporako ehundaka jenderen partaidetza medio eraiki ahal izan zen monumentua 1989an. Ardatz duen Nestor Basterretxearen 'Bakardade' lanak badirudi ez duela kalterik izan. Sari bat eskaini da informaziorik ematen duenarentzat.

Reno, Estatu Batuak. Gauez aritu omen ziren ebasleak eta bat baino gehiago ziren, eramandako brontzezko plakak pisudunak baitira eta Monumentua dagoen lekutik aparkalekura tarte bat egonik susmo guztiek hori baitiote. Halaxe mintzatu da kasu honi buruz Washoe konderriko sheriffa. Reno eta Nevadako prentsak, irratiek eta telebistek arreta eskaini diote dagoeneko gertakariari, besteak beste Renok aire librean daukan arte pieza esanguratsuenetarik baita euskal monumentua, eta euskaldunak komunitate historikoa baitira hemen. Europako leku batzuetan gertatzen den moduan, brontze lapurretak ez dira hemen ere gauza arraroa, are gehiago krisi ekonomikoak bereziki jota bizi den Nevadako estatuan.

2011 reno monumentua erasotua 01

[Egun nola dagoen: Porlanezko horma gogorrean ongi sartuta zeuden brontzezko plakak zeuden lekuan hutsunea besterik ez dago (argazkia Kolotv.com)]

2011 reno monumentua erasotua 02

[Aurretik nola zegoen: orain falta diren brontzezko plaka guztiekin (argazkia EuskalKultura.com)]

Ebatsitako plaka handiak Basterretxearen irudiaren ezkerraldean zeudenak dira, bertan monumentua egin ahal izateko parte hartu zuten norbanako eta familien izenak direla, baita Estatu Batuetako, Euskal Herriko eta Diasporako gainerako pertsona, elkarte eta erakundeenak ere. Monumentua New Yorken egoitza duen 'Society of Basque Studies in America' elkartearen ekimena izan zen eta herritarren eta erakundeen partaidetza medio gauzatu ahal izan zen. 1989ko abuztuaren 29an inauguratu zen, AEBetako Nevada, Kalifornia eta Idahoko agintariak bertan zeudela, eta baita euskal komunitateetako ordezkari eta kideak ere, eta baita Euskal Herritik etorriak, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Iparraldeko ordezkari ofizialak ere. Beste garai batzuk ziren.

Lapurretak kezka eta haserrea ekarri du Renoko euskaldunen artera. Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentruan zein Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxean jazotakoa aztertzen ari dira oraindik, nahiz eta argi daukaten ebatsitakoa berregin beharko dela, neurriak hartuz. NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioak, berriz, bihar larunbata Utah-ko Salt Lake Cityn egingo duen osoko bileran gai moduan sartu du ebaspena.

Secret Witness ekimenak sari bat agindu du ebasleak harrapatzeko pistaren bat ematen duenarentzat. Aski da honako telefonora deitzea: 775 322-4900 edo testua 847-411, kodea S-W.

-Gertakariaren albistea eta bideoa (sartu eta ikus bideoa eskuinean), hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia