Iragan abenduaren 5ean Erresuma Batuko hegomendebaldean bizi diren euskaldunek Bristoleko Euskal Etxearen aurkezpen ofiziala egin zuten. Ekitaldian elkartearen zuzendaritza batzordea aukeratu zen eta euskal etxearen logoa aukeratzeko lehiaketan bi diseinu finalistak hautatu zituzten bazkideek. Euskal etxe berria martxan da dagoeneko eta ideia eta asmo berriekin bor bor dator.
Bristol, Erresuma Batua. Abian da dagoeneko Bristoleko Euskal Etxea eta gogotsu dabiltza elkarteko kideak egitasmo berriak prestatzen eta antolatzen. Berria da euskal etxea, baina hala ere Facebook bitartez Bristol, Bath eta inguruko herrietan bizi diren euskaldun asko bildu ditu dagoeneko. Eta ez bakarrik euskaldunak, elkarteak bertako eta beste herrialdeetako lagun ugari ere badituelako. Iragan abenduaren 5ean egin zen aurkezpen bazkari ofizialean, esaterako, parte hartu zuten 17 lagunen artean, hamar euskaldunak ziren eta besteak ingelesak (5), irlandarrak (1) eta italiarrak (1).
Aurkezpen ekitaldian elkartearen zuzendaritza batzordea aukeratzea gain, euskal etxe berriaren logoa diseinatzeko deitu den lehiaketako bi finalistak hautatu zituzten. Lehiaketa Facebook bidez egin da eta proposamen ugari jaso dira. Ikusi horietako batzuk hemen. Azken bozketa urtarrilean egingo da, elkarteko idazkariak, Iñaki Azpiazuk, EuskalKultura.com-i agertu dionez.
Aurkezpena egin ostean, euskal dantza erakustaldi eta guzti, bazkaria egin zuten Bristoleko Euskal Etxeko kideek. Menua euskal erakoa, noski: pintxoak, babarrunak/indabak sakramentu guztiekin eta postrerako gazta intxaurrekin. On egin eta segi aurrera Bristoleko euskaldunak!
Bristoleko Euskal Etxearen webgunea, hemen.
Bristoleko Euskal Etxea Facebook-en, hemen.
Eta Twitter-en, hemen.