euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Brasilen, Uruguaianako I. Euskal Topaketan arituko dira asteburuan Argentinako Urrundik-eko dantzariak

2014/10/02

Urrundik elkarteko dantzariak 3 de Febrero Udaleko Antzokian
Urrundik elkarteko dantzariak 3 de Febrero Udaleko Antzokian

PUBLIZITATEA

3 de Febrero Udal Antzokian egindako emanaldi arrakastatsuaren ostean beste betebehar polit bat dute Urrundik euskal elkarteko dantzariek asteburu honetan. Rio Grande do Sul-eko Euskal Etxeak antolatutako Mendebaldeko Mugako Lehendabiziko Euskal Topaketan aurkeztuko dira dantzari paranarrak, Uruguaiana hirian. Behin etxean, Euskal Astera joateko bidaia prestatzen jarraituko dute Urrundik-eko kideek. Berrogei bat lagunek osatutako ordezkaritza abiatuko da aurten La Platara. 

Parana, Argentina. Oso urte bizia izaten ari dira Urrundik elkarteko lagunak, batez ere, etxeko dantzariak. Izan ere, egitarau oparoa bete dute urte hasieratik hona eta oraindik ere hitzordu garrantzi batzuk dituzte ez herrian bakarrik baizik eta herritik kanpo ere.

Hurrengo hitzordua, gainera, oso berezia izango da gonbitea doinu portugaldarrez baitator. “Oso aukera ona da hau guretzat nazioarteko ate berri bat irekitzen digulako. Izan gara inoiz Uruguain eta Paraguain baina Brasilen lehenengo aldia izango da”, kontatu dio harro Urrundik elkarteko lehendakaria den Juan Carlos Borras-ek EuskalKultura.com-i. Urrundik-ek lau dantzari bikote aurkeztuko ditu datorren larunbatean Uruguaianan, Mendebaldeko Mugako Lehendabiziko Euskal Topaketan.

“Ustekabe handia izan da gonbite hau jasotzea, eta oso gustura egingo diegu bisita Rio Grande do Sul-eko Euskal Etxeko lagunei. Bueltatzen garenean, ordea, gure lanarekin jarraitu behar dugu. Euskal Astera joateko bidaia ari gara antolatzen eta ez da lan erraza. Aurten berrogei bat kide joango gara”, azaldu digu Borrasek.

Euskal Dantza Emanaldia

Urtero bezala aurten ere prestatu zuen bere Euskal Dantza Emanaldia Urrundik euskal etxeak hiriko 3 de Febrero Udaleko Antzokian. Ikuskizunean dantzariek ez ezik, aktore eta musikariek ere hartu zuten parte, guztira berrogeita hamar lagunek. Saioari hasiera emateko, Euskal Aztarna antzezlanaren zati batzuk taularatu zituen euskal etxeko antzerki taldeak, atzekaldean zegoen pantaila erraldoi batean, immigranteen irudiak proiektatzen ziren bitartean. Emanaldia bi orduz luzatu zen, aretoa gainezka (Argazkiak hemen).

Urrundik, enbaxadorea litoral eskualde argentinarrean

Esan bezala, Urrundik-en partaidetza ez da mugatzen bere herrira. Euskal etxerik ez dagoen herrietara ere badoa Paranako elkartea Euskal Herriaren ordezkari. Abuztuan, Santa Feko Gizataldeen Jaian izan zen Dantza Erakustaldian. Irailean, berriz, San Benito herriko Kolektibitateen Topaketan eta Villa Urquizako urteurren jaian.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia