Tres Arroyos, Argentina . Gau ederra bizi izan zuten joan den larunbatean Tres Arroyoseko Hiru Errekako bazkide, lagun eta hurbilekoek. Euskal Etxeak 24. urteurrena ospatu zuen urriaren 7an, 120 lagunek partekatu zuten erreki batekin, bazkideek beraiek prestatu eta zerbitzatua. Hitzordua Danimarkar Zentroan gauzatu zen, topaketa Euskal Etxeko dantzariek girotu zuten, Tandilgo Gure Etxeko “Betirako” taldeko kideak lagun.
Kide eta lagunek gogoz egin zuten bat Hiru Errekarekin elkartearen 24. urteurrena ospatzeko, euskal etxeak bizi duen kinkan laguntzearren
Gaueko izarra euskal dantza tradizionala izan zen. Jaialdia, Sara Urbietak dantzatu eta bere ahizpa Pilar Urbietak a capella abestutako aurreskuarekin hasi zen. Bi ahizpak dira, Maia Jaureguibehererekin batera, Hiru Errekako dantza taldearen, guztiak neska gazteak, ardura daramatenak. Bertan taularatu zuten Arku Dantzak txalo zaparrada ederra piztu zuen. Auzoko Tandildik etorritako “Betirako” dantza taldeko kideek, bestalde, Bok-Espok eta Fandango-Arin Arin dantzatu zuten eta, azpimarratzekoa, bertaratutakoak txunditu zituen Godalet dantza. Horiekin batera, erronda dantzak aurkeztu zituzten, adin guztikoei parte hartzeko gonbitea luzatuta.
Tandilgo 'Betirako' dantza taldeko kideak Hiru Errekako dantzariekin batera Daniar Etxeko afarian
Hiru Erreka une zailean dago bere egoitzari dagokionez. Duela hilabete gutxi arte Euskal Etxeak egoitza zeukan, errentapean ordaintzen zuena alokairuan, bere jarduerak garatzeko egokitu zuena. Baina jabeak etxea salgai jarri zuen eta elkarteak bere jarduna jarraitzeko beste toki baten bila hasi behar izan zuen, aurrera egiteko harik eta egoitza propio eta behin betikoa lortu arte. Momentuko, zenbait jarduera, dantzarien entseguak kasu, Daniar Zentroan egiten dituzte, eta bertan antolatu zuten, besteak beste, urteurreneko afaria ere.
Garrantzitsua da ager daitezken arazoei gogoz eta bilduta egitea aurre, komunitateak ematen duen indarraz, geroa eta gazteak xede eta indar-emaile
Giro ederrean igarotzeaz gain, urteurreneko jaia jendetsua izan zen oso. Partaideen artean, Richard Griffioen izan zen bertan, Herbehereetako kolektibitatearen ordezkaria. Italiako Elkartearen izenean, Juan Bonnecaze, Jose Corradino eta Alberto Cafaro presidentea bertaratu ziren. Era berean, Claudia Cittadino udal-intendenterako hautagaiak ere parte hartu zuen. “Beti eskertzen dugu lagundu izana, baina oraingoan are gehiago, etxerik gabe gauden honetan bereziki maite baitugu babes hori sentitzea», adierazi dio hunkituta EuskalKultura.eus-i Hiru Errekako lehendakari Myrian Hojbjerg Izurietak.