euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bozkarioa eta hunkipen nabaria Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxearen Zilarrezko Ezteien ospakizunetan

2023/05/17

Gaur egungo Euskal Sustraiak-eko Zuzendaritza Batzordeko kideak Euskal Etxearen bazkide sortzaileekin
Gaur egungo Euskal Sustraiak-eko Zuzendaritza Batzordeko kideak Euskal Etxearen bazkide sortzaileekin

PUBLIZITATEA

Trenque Lauquen, Buenos Aires. Bozkarioa eta emozioa paseatu dira joan den asteburuan Trenque Lauquenen. Bertako Euskal Sustraiak Euskal Etxeak bere Zilarrezko Ezteiak ospatu ditu eta bi eguneko egitarau zabala eskaini die bazkide eta herritarrei, lagun ugari bildurik argentinar hiriburutik autoz bost ordu eta erdira, Buenos Aires probintzian baina La Pampakotik oso gertu dagoen herri honetan. Zenbait bazkide sortzaileren presentziak ukitu hunkigarria eman zion ospakizunari.

Larunbatean, aretoa gainezka gauzatu zen urteurren afaria. Deialdiak arrakasta handia izan zuen eta, izan ere, bertaratzeko interesa zuten asko, kanpoan geratu ziren edukiera mugatuagatik. Bazkide sortzaile Haydee Merinok eta Norma Mosquerak, Celia Echaniz bazkide zaharrenetako batekin batera, hasierako erronkak eta ilusioa aipatu zituzten, egoitza erosi zenekoa, eta pozik agertu ziren 1998an euskal kultura zabaltzeko hasitako lanari tinko eusten zaiola eta belaunaldi berriak batzen dituela ikustean.

Txoria txori

Igandean, ekitaldia kalean muntatutako agertoki baten gainean garatu zen, Euskal Sustraiak-en egoitzaren aurrean. EEko lehendakari Susana Echaideren ongietorri eta esker oneko hitzen ondoren, Haydee Merino bazkide sortzailea elkartearen etorkizun emankorraz mintzatu zen. Udal agintariek, berriz, Euskal Sustraiak elkartearen 25. urteurrena legegintzaldi, gizarte eta kultur interesekotzat jo duen dekretua irakurri eta eskutik eskura eman zieten. Ondoren, ekitaldia gogoratuko duen plaka bat desestali eta musika eta dantza ikuskizunari eman zitzaion aldia.

Une bereziki hunkigarria izan zen Dolores Riveiro [Miriam Oyarzabal bazkide ezagunaren alaba] abeslariak eta Maxi Perazzok gitarran kide dituen bikoteak Txoria txori abestiaren bertsio bat aurkeztu zuenean, propio egun horretarako prestatua. Jardunaldia ixteko, egoitzaren barruan muntatutako erakusketa bisitatzera eta, nola ez, pintxoak dastatzera gonbidatu zituzten bertaratutakoak. Zorionak Euskal Sustraiak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia