euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bozkarioa, dantza eta jendetza Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen 102 urteen ospakizunean

2024/02/21

Hirurehun lagun baino gehiagok gau zoragarri bat pasa zuten Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen 102 urteko ospakizunean. Pergaminoko Goizeko Izarra dantza talde gonbidatuak Kaxarranka dantzatu zuen
Hirurehun lagun baino gehiagok gau zoragarri bat pasa zuten Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen 102 urteko ospakizunean. Pergaminoko Goizeko Izarra dantza talde gonbidatuak Kaxarranka dantzatu zuen

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. Gau ederra, alaitasun handikoa bizi izan zen joan den larunbatean, otsailaren 17an, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko 102 urteen ospakizunean. Festaren hasiera, baina, desberdina izan zen. Dei berezi bati erantzunez, iluntzean, kide eta lagun talde ugaria batu zen Picassoren Guernica-ko muralean, bertatik hiri erdialdeko kaleetan barrena abiatzeko, Euskal Etxeak antolatutako lehenengo Trikipoteoan parte hartuz. Bira osoa emanik egoitzara itzulu zirenean festak jarraitu egin zuen, gauera arte, Euskaldunak Denak Baten patioan, dantza ugari, musika asko eta giro paregabean.

Arratsaldeko 8etan, haur eta helduek osatutako kalejira koloretsu eta zaratatsu batek ekin zion ibilbideari, paseatzaileen harridura eta txaloak bilduz. Musikariak, Irati Lezama trikitixarekin, Euskaltzaleak-eko lehendakari Anabel Jaureguiberry panderoan, Juani Saenz Abarrategui eta Marianela Rimini txistuan, eta Juan Pablo Bilbao, danborrean izan ziren. Egoitzara bueltan, euskal dantzen erakustaldia abiatu zen. Ikuskizunean Pergaminoko Goizeko Izarra dantza taldeak hartu zuen parte gonbidatu gisa eta Euskaldunak Denak Bateko lau dantza taldeek —Txikiak, Ertainak, Alaitasuna eta Elkarlanean— trebeziaz jendaurretu zituzten euren dantzak, bertaratutako hirurehundik lagunetik gorako publikoaren txalo eta esku-zarta andana piztuz.

Bertaratutakoen artean Arrecifeseko intendente (alkate) Fernando Bouvier eta bere emaztea zeuden, baita FEVAko Zuzendaritza batzordekide diren Carlos Miguelena, Pergaminokoa, eta Ana Erausquin, San Nikolasekoa, eta Salto, San Andrés de Giles eta inguruko beste hainbat herrietako lagunak. Horrez gain, ospakizunaren aurretik, mus tailerra eskaini zuen Euskal Etxeak, Pergaminotik etorritako Lagun Onak-eko muslari taldearen eskutik.

Euskal Etxea Udaletxean intendentearekin


Arrecifeseko intendente Fernando Bouvierrek Euskaldunak Denak Baten ordezkaritzari harrera egin eta Euskal Etxearen mendeurreneko ospakizunetarako diseinatutako elastikoa jantzi zuen

Bi egun lehenago, otsailaren 15ean, bisita egina zion Euskal Etxeak —ordezkaritza parte Mariana Dominé Irigoyen lehendakariordea eta zuzendaritza batzordeko Francisco Martinich eta Laureano Villa Zabaleta— Udaletxean Fernando Bouvier alkateari. Bileran, euskal erakundeak eta udalak lankidetzan egitekoak dituzten zenbait kultur eta gizarte jarduera izan zituzten solasgai. "Bilkura oso ondo atera zen", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Mariana Dominék. "Gure 102 urteko historiaz ere hitz egin genuen eta, bistan da, gonbidapena luzatu genion, baita baliagarri izan gaitezkeen guztian laguntzeko eskaintza ere”, laburbildu digu bertako euskal erreferente eta Euskal Etxeko lehendakariorde denak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia