euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bozkario, omenaldi eta jai NABOren 50. urteurrena ospatzeko Kalifornian, Los Banoseko Euskal Piknik eta Bestan (I)

2023/05/24

'Ongi etorri Euskal Herrira' dio Los Banoseko Euskal Bestako larunbat-igandeko ekitaldiak egin ziren Fairgrounds-etako pankartak
'Ongi etorri Euskal Herrira' dio Los Banoseko Euskal Bestako larunbat-igandeko ekitaldiak egin ziren Fairgrounds-etako pankartak

PUBLIZITATEA

Los Banos, Kalifornia, AEB. Hiru eguneko asteburu beteaz gozatzeko aukera izan dute joan ostiral, larunbat eta igandean Kaliforniako Los Banos herrira bildutako jendeek. NABO Ipar Ameriketako euskal erakundeen federazioa aurten 50 urte betetzen ari dela-eta, urtero maiatzeko hirugarren asteburuan egin ohi den Los Banoseko Euskal Piknik eta Jaia handiagoa eta luzeagoa izan da aurten. Ostiralean, NABOk bere urteko Biltzar Nagusia egin zuen Los Banosen, eta larunbat-igandean ere, omenaldiak eta besta programa ederki uztartu ziren.

Omenaldi parte horretarako propio bildu ziren Euskal Herritik hiru bertsolari: Sebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Xabi Paya. Eta eurekin bat egin zuten bertako beste hiruk: Martin Goicoechea, Johnny Curutchet eta Todor Azurtzak. Ordezkariak bidali zituen baita ere Eusko Jaurlaritzak, New Yorken daukan Ordezkaritzako buru Unai Telleriari, Euskal Herritik Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu eta bere saileko teknikari Benan Oregi bildu baitzitzaizon, baita Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programako koordinatzaile Kinku Zinkunegi ere.

Philippe Acheritogarayk lekukoa Jean Flesher-i

Ostirala NABOren Convention edo Biltzar Nagusi eguna izan zen, eta EuskalKultura.eus-ek iragarria zuenez, federazioko bururako bozketan Jean Flesher utah-tarrak lekukoa hartu zion orain arteko lehendakari Philippe Acheritogaray sanfrantziskotarrari. Momentu hunkigarriak bizi izan ziren agintaritza pasatzeko momentuan, Acheritogarayk esker oneko hitzak izan baitzituen zituen karguan egon den bost urteetan lankide eta laguntza emaile izan dituenentzat. Txalokada handi baten erdian eta malkoak hainbaten masailetan ikusi ahal izan ziren. Jean Flesher lehendakari berriak ere gogotik aipatu zuen orain lehendakariorde izango duen Acheritogarayren balioa eta iragarri zuen orain arte NABOko diruzain Mayi Petracek eta idazkari Kate Caminok onartu dutela euren lanetan segitzea.


Ostiralean, NABOren Biltzar Nagusiak herrialde osoko delegatuak bildu zituen, Philippe Acheritogaray buru


Mayi Petracek diruzaina hunkiturik mintzatu zen Texasko Ordezkarien Ganberan joan den martxoan Bigarren Mundu Gerrako euskal jatorriko beteranoei egin zitzaien omenaldiaren kronika egin zuenean, NABOren ordezkari joan baitzen bera ekitaldira. Izan ere, ostoralean NABOk batzorde berezi bat sortzea bozkatu zuen emen beharreko hurrengo urratsak identifikatzeko, ikerketa lanaren azken zatia behar baita bururatu, eta aztertu beharreko gaia baita badagokion 2MGn euskal-amerikarrek egindako ekarpenari ohora egiten dion monumentu bat egitea ala ez.


Biltzarraren azken puntua zen lehendakari berria bozkatzea. EuskalKultura.eus-ek aurreratu zuen bezala, Jean Flesher, Utahko Euskal Etxeko delegatua atera zen, bilerako parte bertatik ziren zein Zoom bidez segitzen ari ziren delegatuen aho batez. Bizitza osoa AEBko euskalgintzan daraman pertsona da Flesher, oso ezagun eta estimatua herrialdeko euskal komunitate guztietan. Irudian, erdian, Jean Flesher, bonetaduna, Philippe Acheritogarayrekin, ezkerrean Mayi Petracek eta eskuinean Kate Camino daudela


NABOk plaka berezi bat eman zion Philippe Acheritogarayri lehendakari eman dituen bost urteetan egindako lan ederragatik. Irudian, Kate Camino plaka irakurtzen


Ostiralean NABOren bilkura-gelan eta larunbat-igandez festa zen Fairgrounds-etan, Kaliforniako euskaldunei buruzko erakusketa bat egon zen ikusgai, BEO (Basque Educational Organization) erakundearen eskutik, Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeak egina. Atal bat ere bazeukan (argazkian) Bigarren Munduko Gerran Estatu Batuetako uniformez parte hartu zuten euskaldunei eskainia, Pedro Oiarzabalek eta Sancho de Beurko Fundazioak prestatua.


Eta goiza eta arratsaldeko puska bat hartu zituen NABOren Biltzar Nagusiaren ondoren, lasaitasunerako momentua. Delegatuetako batzuk Los Banoseko euskal erreferentzia den Wool Growers euskal ostatura bildu ziren garagardo bat edo tragu bat hartzera, irudiak erakusten duenez


Eta horietako batzuk bertan gelditu ziren afaltzera, giro onean. Elkoko Mercedes Mendive —senar Fernando Lejardi eta euren alaba Nekane, dantzari eta musikaria hau ere— bertan zirenez, akordeoia lagun ohiko kantu batzuk ere kantatu zituzten bildutakoek. Bideoan, Txoria txori inprobisatu bat


Latunbatean, berriz, ekitaldian, Fairgrounds edo Los Banoko Azokagune zabalean, eguerdian hasi ziren, hasi ere Estatu Batuetako ereserkia Cristopher Bengochea opera kantariak mikroan kantaturik, eta (bideoak agertzen duenez) Gernikako Arbola, kasu honetan Los Banoseko Amador Zabalbeascoak mikroan kantaturik


Izan ere, Cristopher Bengochea, Montanan jaiotakoa, baina egun bertan bizi eta Los Banoseko Euskal Etxeko lehendakariorde dena, izan zen aurkezle gisa hasi zena Irekiera Zeremonian. Argazkian, mikro aurrean


Los Banoseko Euskal Etxeko egungo presidente Mikel Zabalbeascoak ongi etorria eman zien bildutakoei, eta oroitzapen berezi bat izan zuen aurten, apirilaren 7an, tupustean, 42 urterekin hildako Jean Pierre Arambelentzat. Bera zen Los Banoseko Euskal Etxeko aurreko presidentea. 


Eusko Jaurlaritzaren izenean, Gorka Alvarez Aranburu mintzatu zen (irudian) eta Unai Telleria Euskadiren Estatu Batuetako ordezkaria.


Wyomingetik etorrita, Martin Goicoechea bertsolari nafarrak bertsolarien ongi etorrien txanda hasi zuen


Sebastian Lizasoren agurra eta zorionak NABOri euskal elkarte iparramerikarraren urteurrenean


Eta ondoren, bazkaria, Los Banoseko Euskal Etxean ezin bestela izan, bildokia tarteko. Argazkian, dantzari eta partaidean iladan bakoitzaren anoa jasotzen, ondoren bakoitza familia edo lagunekin bildu eta goxo-goxo itzalean jateko, Kalifornian ohi denez eguzkiak oso gogor jotzen baitzuen


Bitartean hasi ziren dantza taldeetako batzuk euren ikuskizunekin, 15:00etan etorriko zen NABOren gorazarrearen zain

(Segituko)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia