euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Bou Nabarra' izan daitekeena aurkitu dute, 1937ko Matxitxakoko batailan hondoratua: lehenengo irudiak

2008/03/06

'Bou Nabarra' Euskal Itsas Armadako ontzia
'Bou Nabarra' Euskal Itsas Armadako ontzia

PUBLIZITATEA

AZTI-Tecnalia Fundazioak Bermeon (Bizkaia), Matxitxako lurmuturraren ondoko uretan egindako ikerketek aipatzen dutenez, aztarnak "Bou Nabarra"-renak izan daitezke, 1937ko martxoaren 5ean matxinatu frankisten "Canarias" ontziaren aurka borrokatu zuen Euskadiko Itsas Armadaren ontzia. Dena den, datorren udaberrian, urpekariek bertara jaitsi eta lehorrera laginak ekarri ondoren jakin ahal izango da xehetasun osoarekin zein ontzia den. Eskifaia osatzen zuten 49 marineletatik 30ek galdu zuten bizia batailan. Aurten gertakari haren 71. urteurrena beteko da.
Eusko Jaurlaritzak aginduta, AZTI Fundazioak 2007ko abuztuan Billano eta Matxitxako lurmuturren arteko itsas hondoen kartografiarako landa lana egin zuen. 2007ko azaroan, udan bildutako datuak aztertuz, ikertzaileek Matxitxako inguruan eta 100 metroko sakoneran nahiko osorik zegoen ontzi bat identifikatu zuten.

[Matxitxako lurmuturrean aurkitutako ontziaren irudia hiru dimentsioetan]

Aurkikuntza zehaztasunez aztertzerakoan 'Bou Nabarra'-rekin bat etor zitezkeen datuak lortu ziren. Ontziaren luzera 65 eta 70 metro artekoa zen. 'Zabalera oso ondo neur daiteke, 10,40 metrora iritsiz bere parterik zabalenean', adierazten dute Eusko Jaurlaritzako iturriek. Horrela, inguru horretan hondoratutako ontzien artean 'Bou Nabarra'-ren zabalera dator bat bakarrik aurkitutakoarenarekin. 'Bere luzera 65,40 metrokoa zen eta popatik bi zatitan hautsita egoteak garai horretako kronikek esaten zutenarekin bat dator, hain zuzen ere, esaten baitzen ontzia popatik hondoratu zela. Itsas hondoarekin talka egitean zubiaren atzetik hautsi eta bertan geratu zen', azaltzen du Eusko Jaurlaritzak.

[Irudian, itsas hondoan aurkitutako ontziaren baranda]

["Bou Nabarra" ontziaren aingura izan daitekeenaren irudia]

Aurtengo otsailaren 15ean lortutako eta egiaztatutako elementuak (makina txikia, baranda, aingurak, atetilak, etab.) 'Bou Nabarra'-k zeuzkanekin bat egiten dute, baina ez da zalantzabako erabateko probarik lortu ontzia hau zela dioenik. 'Adibidez, ez da orain arte ontziaren aurre aldeko kainoia aurkitu, hura legokeen ontziaren gunea oso kaltetuta baitago, agian leku horretara zuzenduko zirelako "Canarias"-en kanoikadak', aipatzen dute azterketaren arduradunek. Beraz, ehuneko ehunean "Bou Nabarra" dela ziurtatzeko itsaspekariek itsas hondora jaitsi eta lehorrera aztarna erabakigarriak (ontziaren kanpaia edo bestelakoak) aurkitu beharko dituzte.

[100 metroko sakoneran aurkitutako idi-begiaren irudia]

"Bou Nabarra" ontziaren historia

"Bou Nabarra" ontziak, "Bizcaya", "Gipuzkoa" eta "Donostia" ontziekin batera, "Mar Cantábrico" eta "Galdames" euskal merkantzia-ontziei eskolta emateko zeregina zuen. Baina, zamaontziak portura sar ez zitezen, Ferroletik "Canarias" gurutzontzia atera zen, frankisten armadako indartsuena. Itsasoko ekaitz gogor baten ondorioz orientazioa galdu ondoren, "Gipuzkoa" eta "Bizcaya" ontziek begien bistatik galdu zuten euskal konboia eta lehenak izan ziren ontzi frankistaren aurka egiten. Arriskutik kanpo jartzea lortuko zuten biek, baina "Canarias" ontziak "Nabarra" hondoratu zuen.

Bizirik irtendakoetako batzuk preso hartu zituzten, beste batzuk epaituak izan ziren eta beste zenbait heriotz zigorrera kondenatuak. Egun horretan hil ziren guztien omenez, 1977an Erbesteko Eusko Jaurlaritzak Itsas Gudarien Eguna sortu zuen. Gogoratze-Eguna Bermeon egiten da martxoan. Aurtengoa, izan ere, datorren igandean egingo da, martxoak 9.


["Matxitxakoko batailan" hil ziren pertsonak omentzeko iragan urtean Bermeoko uretan eginiko zeremonia]


Lotura interesgarriak

Nabarra: C. Day Lewis (eusk. Luigi Anselmi) eta Jesus Etxezarraga
Armiarma.com webgunean

Frankismoaren aurka Durangaldean borrokatutako pertsonen zerrenda
2008ko otsailaren 29an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Dokumental batek Durangoko bonbardaketa berreraikitzen du'
Garan argitaratutako artikulua


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia