euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bostehundik gora haur aritu ziren joan den larunbatean FEVAko Euskara sailak antolatutako X. 'Ume Topaketa'n

2007/09/07

Zaku lasterketa...
Zaku lasterketa...

PUBLIZITATEA

Elkarretaratzea joan den larunbatean gauzatu zen Lavallol-eko Euskal Echea Ikastetxean, Hiriburu Federaletik berrogei bat kilometrora. Urteroko ekitaldi jendetsu honek hamargarren urteurrena bete du aurten eta, aurreko edizio guztietan bezalaxe, ahalegin fisikoa eta kulturala uztartu zituen oraingoan ere. Bostehundik gora ume, Euskal Echea-koak zein hainbat herritako euskal etxeetatik etorriak, egun polita pasatu zuten jolasak, kirola eta elkarbizitza ardatz hartu zituen ekimenean.
Haurrak pixkanaka joan ziren heltzen, eta heldu ere, gosarira, hura izan baitzen eguneko lehenengo hitzordua. Goizeko hamarretatik aurrera, urrun eta gertuko euskal etxeetatik iristen joan ziren haurrak iritsi ahala zuzenean biltzen ziren gosarira, ez baita ahalegin makala haur eta guraso batzuena, kasu batzuetan 400 kilometroko bidea egitea egun bakarreko ekitaldian parte hartzeko. Gosaria amaiturik, eta Arrecifeseko Marianela Rimini txistulari gaztearen doinuez, partaide txikiak joko eta kirolen gertaleku izango zen eremura pasatu ziren.

[Soka-tira kultura eta herrialde askotan erabiltzen duten jokoa da. Argentinan 'cinchada' ere esaten zaio, baina larunbateko eguna FEVAko Euskara sailak antolatua zenez, jolas eta kirol guztiak euren euskal izenekin izendatu ziren. Cinchada-ri, beraz, soka-tira (argazkia EuskalKultura.com)]

Haur guztiak bildurik, adinaren araberako taldetan antolatu eta talde bakoitza begirale baten ardurapean gelditu zen. Segidan, eta hasteko seinalea eman ondoren, talde bakoitzak berarentzat prestatutako joko eta kirolen zirkuitua egiteari ekin zioten, guztiak guztietatik pasatu arte. Partaide txikienek, 4-5 urtekoek alegia, zirkuitu berezia izan zuten 'Jolas Txokoa' (sic) izenpean, euskarazko izen hauek zeramatzaten jokoez: 'arrainak' (arrain imandunen arrantza); 'artisauak' (buztin edo orea lantzea eta margotzea); 'pilotan'; 'oztopo txikiak' (oztopo lasterketa) eta 'tunela' (oihalezko tunel baten barneko ibilbidea egitea).

Haur zaharragoek, 6 eta 12 urte artekoek alegia, 'Herri Kirolak' (sic, honelaxe, euskaraz) izeneko sailean hartu zuten parte, honako kirolez: 'sokatira'; 'lokotx lasterketa'; 'txingak'; 'irudiak'; 'zaku lasterketa'; eta 'toka'. Eta Jokoez: 'traba lasterketa'; 'zapi sugea' (mukizapiaren bila); 'goxotegia' (gailetatxo lasterketa); 'jantziak' (ahalik eta azkarren janztea); 'zapatila bila'; 'arrastaka' (poltsez arrastaka ibiltzeko lasterketa). Azkenik, eta 13 urtekoentzat, 'Altxorraren Bila' antolatu zen.

Bostehundik gora haur

Euskal Echea eskola anfitrioiko ikasleez gain --euskal jatorrizko erakunde honek Buenos Aireseko Sarandi kalean zein Lavallolen bertan dauzkan bi egoitzetako ikasleak zeuden--, inguru zabal batean sakabanatutako euskal etxeetako 250 bat haur ere bildu ziren Lavalloleko Euskal Echea institututa, kasu batzuetan gorasoekin, aire zabaleko udaberri giroko familiarteko egunpasa egitera.

[Ezkerraldean dauden irudietan, FEVAko Euskara sailaren urteroko festa nagusi honetako hiru momentu edo aurpegi ikus daitezke: 1) Bilkura eremuaren itxura orokorra, joko eta kirolekin hasi baino une batzuk lehenago; 2) 'Zaku lasterketa'; 3) 'Artisauak', euren lanak eskuz egiten, kasu honetan ikurriña; 4) Santiago Bonfanti, Euskal Echea erakundeko zuzendari nagusia eta Izaskun Ordoqui, Euskal Echea-Lavallol-eko erakunde-koordinatzailea, euskara, ongi pasatzea eta kirola batu zituen egunpasako partaide (argazkiak EuskalKultura.com)]

Kontent gaztetxoak euskara jolas ikusita

Honako euskal etxeek parte hartu zuten eta ordezkaritza bidali zuten ekitaldira. Izneka, alfabeto ordenean: Arrecifes-eko Euskaldunak Denak Bat; Ayacuchoko Euskal Odola; Buenos Aireseko Acción Vasca eta Laurak Bat; Cañuelas-eko Denak Bat Euskal Elkartea; Chacabucoko Guillermo Larregui; Chascomuseko Zingirako Euskaldunak; Gral. Rodeiguezeko Eusko Aterpea; José C. Pazeko Toki Eder; La Platako Euzko Etxea; Lomas de Zamorako Denak Bat; Magdalenako Ongi Etorri; Maipuko Anaitasuna; Mar del Platako Denak Bat; eta Rosarioko Zazpirak Bat.

Jokoak bukatu ostean freskagarriak eta hanburgesak eskaini zitzaizkien haurrei, antolatzaileekin alkarlanean ibili ziren euskal etxeetako kide eta lagunek prestatu eta zerbitzatuak. Egunean zehar gertalekua bisitatu zuten, besteak beste, Izaskun Ordoqui Urcelay Euskal Echea-Lavallol-eko erakunde-koordinatzaileak eta elkarteko zuzendari orokorra den Santiago Bonfanti doktoreak. Biak kontent agertu ziren ikusitakoarekin eta oniritzia eman zioten egunari.


Lotura interesgarriak

FEVA, Federación de Entidades Vasco Argentinas
www.fevaonline.org.ar

'Euskal Echea' Eskolak, Lavallol eta Buenos Aires-en
www.euskalechea.esc.edu.ar

Jai honen iazko edizioa, 2006
2007ko urriaren 5ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia