euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bost orduz etenik gabe dantzan izan ziren Berlingo EEko kideak Karneval der Kulturen jaian (argazki kronika)

2011/06/16

Berlingo Euskal Etxeko dantzariak gogotsu aritu ziren dantzan; irudian, beltzez jantzita, Ainhoa Añorga presidenta (argazkia Berlin EE)
Berlingo Euskal Etxeko dantzariak gogotsu aritu ziren dantzan; irudian, beltzez jantzita, Ainhoa Añorga presidenta (argazkia Berlin EE)

PUBLIZITATEA

Nekatuta baina pozik, horrela amaitu zuten eguna Berlingo euskal etxeko dantzariek 'Karneval der Kulturen' jaialdian. Eguerdiko ordu batean hasi eta arratsaldeko seiak pasatxo arte aritu ziren hiriko kaleetan dantzan, jaialdi hau ikustera bildu ziren milaka lagunen aurrean. Euskal taldean lagun alemaniarrak, turkiarrak eta estatubatuar bat ere aritu ziren; elkartearen eta hiriaren kultur aniztasunaren erakusgarri. Berlingo Euskal Etxea dantza arloko urteko bigarren ekimen handia prestatzen hasiko dira hurrena: Euskal Koreografoen 2. Jaialdia.

Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxeko dantza taldeak debut biribila izan zuen iragan igandean, Karneval der Kulturen jaialdi erraldoian parte hartu zuen eta. Milaka lagun bildu ziren Berlingo kaleetan jaialdiaren desfilea ikusteko, eta dantzariek Euskal Herriko zazpi probintzietako dantza erakustaldia egin zuten... bost orduz!

Ikusleen harrera beroak dantza 'maratoi' honen nekeak arindu zizkiela aitortu dute euskal etxeko arduradunek. "Asko gustatu zitzaiguna jendearen harrera izan zen. Jendea guregana etorri eta dantzak gurekin egiten saiatzen zen. Herriko festa batean egongo bagina bezala, jaigiroan egin genuen gure bidea", aitortu dio EuskalKultura.com-i Ainhoa Añorgak, elkarteko presidenteak.

Karneval der Kulturen 2011 (1)

[Euskal etxea desfileko 56. taldea izan zen (argazkia BerlinEE)]

Orotara 50 bat lagunek osatu zuten euskal dantza taldea, tartean 15 haur. Dantzariek euskal jantzi tradizionalak zeramaten soinean eta Arin-Arin, Lantzeko Inauteriak, Zazpi Jauzi, Esku dantza, San Petrike eta ikusleekin batera zenbait kalejira ere dantzatu zituzten.

"Urtarrilean hasi ginen honetarako prestatzen eta euskal dantza ikastaroa egin dugu hilean bitan. Taldean aurretik dantzan aritutakoak baziren, baina baita ere sekula dantzarik egin gabeko alemaniarrak, turkiarrak eta estatubatuar bat ere", azaldu dio EuskalKultura.com-i dantza taldeko koordinatzaileak, Mikel Aristeguik.

Karneval der Kulturen 2011 (5)

[Giro bikaina izan zen taldean eta gaztetxoak zein nagusiak jo eta su aritu ziren (argazkia Olga R. Trujillo/Casal Catalá Berlin)]

Hainbeste jenderen aurrean debuta egiteak ez zituen berlindar dantzariak kikildu; aitzitik, euskal kultura ezagutarazteko aukera bikain baliatu zuten. "Urduri? Ez, ekitaldia egiteko irrika genuen, Berlinen euskal kultura aurkezten jarraitzeko", agertu du Aristeguik.

Turismo promozioa ere egin zuen nolabait euskal etxeak: "gure kamionetaren bi aldeetan Euskadiko posterrak jarri genituen eta jende askok galdetzen zigun nongoak ziren argazkiak, interesa asko agertuz", azalzen du Añorgak.

Karneval der Kulturen 2011 (3)

[Jende andana bildu zen Berlingo kaleetan, hiriko gizataldeen erakustaldiaz gozatzeko (argazkia BerlinEE)]

Ander Salabarria trikitilariak jarri zuen musika eta gogotik ahalegindu behar izan zuen, beste taldeen bozgorailuen aurka, bere doinuak entzunarazteko. "Ekitaldia oso antolatuta egon bazen ere, gure aurrean geurea baino bost aldiz musika indartsuagoa zuen taldea tokatu zitzaigun, eta tartea utzi behar izan genuen eurekin, geure musika entzun ahal izateko. Hortik gero furgonetaren atzetik egiten genituen korrikaldiak!", azaldu du Aristeguik.

Karneval der Kulturen 2011 (4)

[Euskal Etxearen kamionetan ikusgai ziren Euskal Herriko irudiak eta elkartearen webgunearen helbideak ikusleei atentzioa deitu zuen (argazkia Olga R. Trujillo)]

Jaialdiaren ostean, elkarteak buru-belarri darrai ekimenak antolatzen: hilaren 22an omenaldia egingo diote Humboldt-i, euskara aztertu zuen hizkuntzalari alemaniar ezagunari. Eta dantza arloan ere lanean jarraituko dute, urteko bigarren hitzordu nagusia prestatzen: abenduaren 9tik 11ra Berlinen egingo den Euskal Koreografoen 2. Jaialdia.

-Berlingo Euskal Etxearen webgunea, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia