Zornotza, Bizkaia. Etxepare Euskal Institutuak Aurten Bai Fundazioarekin duen hitzarmenari esker, hiru asteko egonaldia egiten ari dira egun hauetan Zornotzako barnetegian Juan Idrovo, Catalina Bustos, Victoria Castro, Denisse Valenzuela eta Gonzalo Salazar ikasle txiletarrak. Pontificia Universidad Catolica-n eta Universidad de Chile-n Etxepare Euskal Institutuak dituen euskara eta euskal kultura irakurletzetako ikasleak izan dira gazteak eta Txilen bertan seihileko ikastaroa egin ondoren, aste honetan iritsi dira Bizkaiko herrira euskara ikasi eta euskal kulturan murgiltzeko asmoz.
Etxepare Euskal Institututik azaldu duenez, Institutuak berak eta Aurten Bai Fundazioak euskara atzerrian bultzatzeko hitzarmena sinatzen dute urtero, eta horren bitartez, besteak beste, online ikastaroak eta atzerriko ikasleentzako barnetegi egonaldiak kudeatu eta sustatzen dituzte.
Txileko bost neska-mutilak oso gustura agertu dira bizitzen ari diren esperientziarekin, klaseko giroarekin eta barnetegiak proposatzen dizkien beste hainbat ekintzekin. “Beti izan dut Euskal Herria ezagutzeko asmoa badakidalako nire arbasoetako bat hemengoa zela. Hego Amerikan ez dugu hemen bezala euskara etengabe entzuteko aukera handirik, beraz garrantzitsua da oso honako aukera”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i taldeko Gonzalo Salazarrek.