Necochea, Argentina. FEVAk antolaturik, Haurrentzako Lehen Pilota Topaketa eta Klinika burutu zen urriaren 5ean Necocheako Euzko Etxean. Jarduerak 6 eta 12 urte bitarteko 34 haur izan zituen partaide, Necochea bertakoak eta Bahia Blancako Union Vasca, Macachingo Euzko Alkartasuna, Tandilgo Gure Etxea eta Tres Arroyosko Hiru Erreka euskal etxeetakoak. Egun osoan zehar, haurrek, begirale talde baten eskutik, otorduak partekatu eta jarduera ugari egin zituzten, pilotan aritzeaz gain, tailer eta jolasetan parte hartu baitzuten. Partaide ziren euskal etxeetako lagun eta senideak ere bertaratu ziren.
Topaketa euskal pilota, modalitate guztietan, sustatzearren egin zen, baita kirolari buruzko ezagutzan sakondu, lagun artean partekatu, eta ikasteko gune bat sortzeko helburuz ere. Tailer batek pilotaren historia landu zuen, eta munduko hainbat kultura eta tokitan denboran zehar izan duen lekua, eta bereziki Euskal Herrian izan duen garapena jorratuz. Gaur egun praktikatzen diren diziplina ezberdinak ezagutarazi ziren eta, gainera, paleta pilota eta frontball praktikak egin zituzten Euzko Etxeko trinketean.
Haur pilotariak Necocheako Euzko Etxeko trinketean
Askaria partekatzen Euzko Etxeko Elkarte Gastronomikoaren instalazioetan
Necocheako Euzko Etxeko lehendakari Kiti Zubillaga, euskal etxe partaideetako zenbait ordezkarirekin batera, tartean Tres Arroyosko Natalia Cubiatebehere, Tandilgo Gure Etxeko lehendakari Graciela Confalonieri eta Bahía Blancako Bernardo Gherardi
"Orain, apustua handiagoa egitea dagokigu"
Jardunaldia bere gain hartu zuen begirale taldeko partaide ziren Raúl Yunes, Matias Arias, Yona Danunzzio, Maite Bilbao, Juantxi Stafforte, Mariano Colombo eta Constanza Fernández Salvador, Euzko Etxeko Pilota, Berdintasun eta Damen azpibatzordeak lagun. “Asmoa pilotaren gaia txikitik lantzen hastea da, euskal etxe batzuetan dagoeneko lanean ari diren eskolatxo eta haurrekin, baina ez soilik kirol praktika gisa, kulturari lotuta ere baizik. Lehenengo esperientzia izan da guztiontzat, FEVArentzat antolatzaile gisa, guretzat, bidelagun, eta tailer honek jarraipena izatea espero dut. Zalantzarik gabe, esperientzia positiboa izan da, helburuak lortu baitira, baina hobetu beharreko alderdiak ere nabaritu ditugu. Orain apustua handiagoa egitea dagokigu”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Necocheako Euzko Etxeko Batzordeko kide Iñaki Bilbaok.