euskal diaspora eta kultura
2008/11/10
PUBLIZITATEA
La Plata, Argentina. “Euzko Etxea”ko abesbatzak eman zion hasiera Abesbatz Bilkurari, lagunez lepo zegoen Herriko Etxeko Urrezko Aretoan. María Evangelina Bertolaren gidaritzapean eta 25 kidek osatuta, etxeko taldeak “Ixil Ixilik”, “Popourri de canciones vascas”, “Canción con todos”, “Gernikako Arbola”, “Maritxu nora zoaz”, “Txakolin” eta “Haurrak ikas-azue” kantak eskaini zituen. Horren ostean, La Platako kantari txikien txanda izan zen. Zuzendari berarekin, Euzko Etxeako Umeen Abesbatzak “Tres hojitas” eta “Bat, bi, hiru, lau” abestu zituen.
La Platakoen errepertorioa bukatuta, Villa Mercedeseko “Grupo Vocal ‘Camerata de la luna’” igo zen antzeztokira. Talde honek ibilbide oparoa du musika munduan eta hamazazpi lagunek osatzen dute. Zuzendariaren gidaritzapean kanta hauek abestu zituzten: “Aurtxo txikia”, “Txoria txori”, “Agur Jauna”, “Eusko Abendaren ereserkia”, “Ave María”, “Hymne a la Nuit”, “Chacarera de las piedras” eta “Calle angosta”. ‘Camerata de la luna' korua iaz hasi zen Villa Mercedeseko euskal etxearekin lanean eta lankidetza horri esker euskal kanta dexente gehitu ditu bere errepertoriora.
[Villa Mercedeseko Grupo Vocal Camerata de la Luna abesbatza La Platako Euskal Astean egin zen abesbatz erakustaldian kantari (argazkia EuskalKultura.com)]
Ondoren Tandilgo taldeari heldu zitzaion txanda. Martín Tumbarinok zuzentzen du korua 2006az geroztik, eta 25 lagunek osatzen dute. Abesbatz bilkura honetarako “Ana ohian”, “Haurtxo seaskan”, “El pintao”, “Beber”, “Hator, ator” eta “Illun Abarra” abestiak prestatu zituen.
Villa Maríako “Denak Bat” abesbatza laugarren tokian agertu zen. Juan María Beitia apaizak 1967an sortutako abesbatzak “Nerea izango zen”, “El roble y el ombú”, “Jeiki jeiki”, “Sur”, “Guainito”, “Volver”, “Trabajos de la viña”, “Maitia nun zira?” eta “Maite” egin zituen. Gaur egun koruaren zuzendaria Silverio Urbani da eta 18 abeslarik osatzen dute taldea. Azkenik, Rosarioko “Lagun Artea” abesbatzak, Sandra Alvarezen gidaritzapean, “Boga boga”, “Zeruan eder ilargia”, “Andre Madalen”, “Egizu lo”, “Txoria Txoriak”, “Agua y sol del paraná”, “Pregones del Altiplano” eta “Pòngale por las hileras” eskaini zituen.
[La Platako Euzko Etxeako abesbatza kantari 2008ko Euskal Astearen barruan egin zen erakustaldian (argazkia EuskalKultura.com)]
Emanaldia bukatzeko, koru guztiek “Kinkirri kunkurru” euskal abesti herrikoia eskaini zuten elkarrekin. “Gure abesbatzak amateur mailakoak dira eta gure baliabideekin moldatzen gara. Horregatik batzuetan oso zaila da topaketak antolatzea eta bertara joatea. Euskal Aste honetan deialdi irekia egin genuen, baina zoritxarrez, aurrekontu arazoak direla medio, koru batzuk ezin izan zuten etorri”, azaldu du Bertolak, ekimenak beste euskal asteetan jarraipena izango duenaren itxaropenarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus