Arrecifes, Argentina. Bertako Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen baitan sortua, hamarkada pasexea darama Maral taldeak Argentinako eta Euskal Herriko kantutegietako klasikoak abesten, azken hauek gainera kutsu rioplatar berezia lagun. Jatorrizko taldean aldaketarik gabe --Mariana Dominé Irigoyen, Adrian Charras, Christian Rodriguez, Billy Vogt eta Maria Eugenia Cozza kideek osatzen segitzen dute-- taldea ekainaren 22an plazaratuko da Arrecifeseko Euskal Etxean, “Canciones inolvidables" (Abesti ahaztezinak) izenburupeko ikuskizunarekin.
Ahos eta gidari duen Mariana Domine Irigoyenek azaldu digunez, “taldeko guztiok dauzkagu bestelako proiektu paraleloak baina Maral batere utzi gabe. Beraz saiatzen gara gure agendak moldatzen urtean behin behintzat bildu eta plazaratzeko. Aurten kontzertua egiteaz aparte, disko berri bati ere ekingo diogu”, aurreratu digu Maral-eko ahotsak.
Taupadak eta Canciones de sobremesa (‘Bazkalosteko abestiak’) diskoetan egin bezala, disko berrian ere euskaraz abestuko dute. Eta nahiz eta oraindik goizegi daukaten datarik zehatzik emateko, jarraitzaileak irrikan dauzkate. Plataforma digitaletan entzuteko gogoa ere badute fanek eta badirudi, epe ez oso luzean horrekin lotutako nobedadeak azalduko dituztela.
Maralen kontaktua, Mariana Domine Irigoyen.