euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bordeleko Euskal Etxeko 'Fête de la Musique' jaialdiak jende andana bildu zuen bertako Eskualduna plazan

2009/06/30

Xitoak taldeko txikien dantza erakustaldia
Xitoak taldeko txikien dantza erakustaldia

PUBLIZITATEA

Bordeleko Euskal Etxeak ospatu berri du ekainaren 21ean, seigarren urtez, 'Fête de la Musique' jaialdia. Ekimen berezia da, euskaldunen musika eta dantza karrikaratzen baitira Bordeleko Eskualduna plazan. Aurtengo berrikuntzen artean, orain hiru hilabete Euskal Etxean sortua den Xitoak taldearen dantza ikuskizuna. Euskal Etxeko gaztetxoenek osatzen dute talde hau, tailer gisa antolaturik. Euren helburua, euskal dantza, musika, hizkuntza eta kultura jolas giro alai ederrean ikastea.

Bordele, Frantzia. Bordeleko Euskal Etxeak seigarren urtez hartu du parte 'Fête de la Musique' jaialdian, joan den ekainaren 21ean. Egitaraua arratsaldeko sei t'erdietan hasi zuten Xitoak taldearen ikuskizunarekin. Talde hau orain hiru hilabete sortu zen Bordeleko Euskal Etxean, haurrei zuzendutako tailer gisa. Tailerrak euskal kultura tradizionala dauka ardatz eta bertan haurrek besteak beste dantza, musika eta hizkuntza dastatu eta haien inguruan jolasten dira, David Mugica Euskal Etxeko komunikazio arduradunak EuskalKultura.com-i baieztatu dionez. Orain arteko gainerako urteotan bezala, euskaldunen emanaldiak publikoaren arreta bereganatu eta esku-zartak eragin zituen, balantze arrakastatsua ekarriz ekimenari.

Euskal Etxeko txikienek ikasitakoa erakutsi zieten bertara bildutako oinezkoei, eurak ongi pasatzen zutela. Dantza ikuskizuna eskaini eta ondoren, Euskal Etxeko taldeak bere euskal dantza erakustaldiari ekin zion Eskualduna plazan. Euren dantzen ostean, Xitoak taldeko umeekin bat eginez, 'haurrak ikas zazue' kanta abestu zuten.

Xitoak taldeko umeak abesten

[Xitoak-eko txikiak taula gainean kantari eta dantzari]

Xitoak taldeko txikiak dantzan

[Xitoak taldeko haurrek beste inork baino hobekiago pasatu zuten jendaurreko emanaldian]

Ondoren, zortzietatik aurrera, Euskal Etxeko abesbatzen txanda izan zen, Bestalariak eta Zortziak Bateko kideek zenbait abesti kantatu zituzten bertan bildutako lagunen gozamenerako. Bestalariak-eko lagunek egun berezi honetarako propio prestatutako bi eta lau ahotsetako doinuak kantatu zituzten. Zortziak Bat otxotekoek, berriz, bi abesti eskaini zituzten, bata emakumeen ahotsetan eta bestea gizonenean. "Otxote modernoa" dela, dio David Mugicak, izan ere,  "normaleak otxoteetan gizonak besterik ez dira egoten eta gurean emakumeek ere parte hartzen dute'.

Gorka Zabaleta eta Daniel Mores txistularia

Bordeleko Euskal Etxe bertakoen talentu agerpenaren ostean, Gorka Zabaleta Oiartzungo konpositore gaztearen emanaldiaren txanda heldu zen, bere ahots eta gitarra lagun. "Kantaldi polita eta atsegina" izan zen eta "publikoak atsegin handiz entzun zuen", argitzen du David Mugicak. Bukatzeko, dantzan egin nahi izan zuten guztiek izan zuten aukera dantzari trebeen antzera aritzeko Daniel Mores txistulariaren dantzaldiarekin.

Jaialdia igandean izateak izan du eragina Mugicaren ustetan eta iaz baino jende gutxiago bildu dela antzeman dute antolatzaileek. Hala ere, jaialdi hau Bordeleko Euskal Etxearen egutegiko gertakari finko eta ixtimatua bihurtu dela esan daiteke. Haatik, denbora ez da batere gelditzen, eta Euskal Etxeko kideak ari dira dagoeneko Bordeleko Udaletxearekin batera lanean, iraileko Ondarearen Eguneko egitaraua zehazten.



Komentarioak

  • Eskual Kultura Bordelen

    Eskual kultura jaldi dadin gero ta gehiago bordeleko Eskual Etxetik kanporat ! Haurren dela medio Eskual kultura iraunen du hemen eta bertzetan !

    Mixel SALAGOITY, 2009/07/02 13:01

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia