Bueltan da Bilbo eta Bordele batzen dituen lasterketa, 2014an egin zen aurreneko edizioak izan zuen arrakasta dela eta. Mugaz gaindiko lasteketaren antolatzaileak bateko eta besteko elkarteak dira: Bordeleko Euskal Etxea, Bilboko Txirrindulari Elkartea (Bilbo), Stade Bordelais–ASPTT (Bordele) eta Urgozo Iturriko Txirrindulari Elkartea (Zornotza). Txirrindulariak Bilbotik aterako dira maiatzaren 5ean eta Bordelera iritsiko maiatzaren 7an.
Bordele, Frantzia. Txirrindulari lasterketa bat baino gehiago izango da Bilbo-Bordele 2016, antolatzaileen esanetan. Kultura eta kirola uztartuko dituen ekitaldia izango da, Euskal Herria eta Akitaniaren senidetze bat. Lasterketak arku atlantiarreko hiriak batuko ditu: Bilbo hasi, Europako Kultur Hiriburu izango den Donostiatik igaro eta Bordelen amaitzeko.
Bordeletik atera zen, 2014an, lasterketaren aurreneko edizioa eta, harek utzitako oroitzapen onak direla eta, antolatzaileek bigarren hau prestatzeko gogoa zuten iaztik. Antolakuntzan ibili dira honako elkarteak: Bordeleko Eskual Etxea (Bordele), Bilboko Txirrindulari Elkartea (Bilbo), Stade Bordelais–ASPTT (Bordele) eta Urgozo Iturriko Txirrindulari Elkartea (Zornotza). Aurtengoan, gainera, Baionako IUP langile eskolaren lankidetza ere izango du lasterketak.
Hiru etapa izango ditu lasterketak, Euskal Herriko eta Akitaniako bide ederretan barrena. Aurrenekoan, Bilbotik Donostira bidea egingo dute txirrindulariek (148 km). Bigarrenean, Donostiatik Landetako Léon herrira joango dira (137 km). Azkenekoa luzeena izango da, Bordeleraino, 160 km eginez.
Irteera egunaren bezperan Bilbon harrera beroa egingo zaie partehartzaileei, eta besteak beste San Mames Barria futbol zelaia ezagutzeko aukera izango dute. Igandean, Bordelera heldu ondoren, hiri eder hau ezagutu ahalko dute.
Lasterketa parte hartu nahi duen edonori irekia dago, eta izen emateko epea hasia da. Horretarako, jo webgune honetara: www.bb2016.org.