Bordele, Frantzia. Bordaleko Euskal Etxeak eta Bordeaux Montaigne unibertsitateak elkarrekin ekin diote 2023-24 ikasturterako euskara irakaslea bilatzeari. Eskolak astelehenetik ostiralera bitartean emango dira eguerdiz eta arratsaldez, beti Euskal Etxearen egoitzan, Bordele erdigunean, edo Unibertsitate kanpusean (tranbiaz eskuragai). Hamar hilabeteko kontratua eskaintzen da, irailetik ekainera, orotara 670 irakaste-ordu izanik (120 Unibertsitatean eta 550 Euskal Etxean), soldata garbia 16.850 € izanik 10 hilabeteetan.
Irakasleak 10 talde izango ditu orotara bere gain (talde bakoitzeko asteko 2 orduko saio bana bataz beste) eta beste ikasle talde bat urrunekoa Ikasten plataformaren bidez. Ikasleen maila A1 eta B1-B2 artekoa izan ohi da.
Frantses hizkuntzaren oinarrizko maila eskatzen da gutxienez (ahozkoa gehienbat) eta eskarmentua edo formakuntza irakasten. Nahitaezkoa euskara maila ona (EGA). Gau Eskolako motibazio eta inplikazioa. Baldintza hauek laburpen bat besterik ez dira, balio duen informazioa kontratatzaileek berek emango baitute.
Interesatuek hona bidali behar dute euren CVa: gaueskola@maisonbasque.org, ekainaren 25aren aurretik.