Bordele, Frantzia. Bordeleko 'Eskualdunen Biltzarra'k, Akitania Berriko hiriburuko Euskal Etxeak, bere 'Agur' buletin historikoaren bilduma oso bat eman dio Eusko Jaurlaritzari, honek Euskal Diasporaren Artxiboari pasa diezaion. Bildumak agerkaria hasi zenetik, 1953ko azaroaren 1etik, egundainoko zenbakiak biltzen ditu, eta aurrerantzean Euskadiko Artxibo Historikoa bere Bilboko egoitzan osatzen ari den Euskal Diasporaren Artxiboan kokatuko da, munduko euskaldunek eta Euskal Etxeek egindako beste hamaika dohaintzekin batera, munduan barreiatutako euskaldunen historiaren lekuko eta dierazgarri.
Bordeleko 'Eskualdunen Biltzarra' 1947an sortu zen eta bost urteren buruan hasi zen plazaratzen 'Agur'. Bere bildumaren azken aleak pdf bertsioan 'Bordaleko Euskal Etxea'ren webgunean kontsulta daiteke.
Agur agerkariaren etapa, diseinu eta formato diferentetako zenbakiak
Gogoratu, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearen Zuzendaritzak Euskadiko Artxibo Historikoaren baitan sustatzen duen Euskal Diasporaren Artxiboa gure emigrazioaren eta munduko euskal etxe eta euskaldunen presentzia eta jardunaren historia dokumenta dezaketen materialen bilgarri dela, historia hori gorde, zaindu eta materiala katalogatzea, eta ikertu nahi duten espezialisten esku jartzea helburu. Material aberats eta xumeak biltzen ditu, guztiek baitute egundoko balioa historia hori osatzerakoan.
Materialen bat eman edo utzi nahi badiozu, edo argibideak eskatu, aski duzu euskaletxeak@euskadi.eus helbidera idatzi edo (+34) 945 018127 telefonora deitzea.