euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boni Guenetxea, Euskal Etxea of Miami: "Garai batean 11 jai-alai frontoi ere izan zituen Floridak"

2016/02/11

Euskal Etxea of Miamiko alma mater da Boni Guenetxea gernikar busturiar euskaldun floridatarra (argazkia Sara-EuskalKultura.com)
Euskal Etxea of Miamiko alma mater da Boni Guenetxea gernikar busturiar euskaldun floridatarra (argazkia Sara-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Beste albiste batean aipatzen dugun legez, ospatu berria du joan den igandean Miamiko Euskal Etxeak bere I. Herri Kirol Jaialdia. Aitzaki horrekin Boni Guenetxearengana hurbildu gara. Jai-alai pilotari ohia da bera, erreferentea Floridako euskal munduan, duela 30 urte Paella Party catering enpresa sortu zuen eta Miamiko Euskal Etxearen sorreran ere eragile izan zen. Bera aritu zen igandean ekitaldiko koordinatzaile. Barnean darama pilotazaletasuna eta hein handi batean bere ahaleginari esker bizi da gaur egun Euskal Etxea Miamin .

Joseba Etxarri. Gernikan jaioa --"nahiz eta seguruenik beste ezer baino busturiarra naizen", diosku--, Boni Guenetxea, finean, Floridako euskalduna da gehienbat 1968an nerabe zela lehenengo aldiz Daniako frontoia zapaldu zuenetik. Pilotak ekarri zuen Estatu Batuetara, eta hona ezkondu eta hemen sortu zuen familia. 1988an jai-alai pilotarien greba famatua hasi zenean --eta harekin, garai batean Floridaren ikur izan zen euskal pilota joko honen gainbehera Estatu Batuetan-- bere urrats profesionalak gastronomiaren mundura bideratzen hasi zen eta, piketeetako parte izatearekin batera, geroztik arrkastatsu bilakatu den Paella Party izeneko enpresa eta catering zerbitzua sortu zuen, amerikarren barbakoari soldaduskan egiten ikasi zuen arrozaren munduaren alternatiba eskainiz. Ez doakio batere gaizki eta enpresak pilotari ohi gehiagori ematen die lana. 62 urte dauzka egun Bonik eta pilotazale handia segitzen du, ahal duela Euskal Herrira bidaiatzen du eta euskal erreferente da Floridan, postura egiten baitu Euskal Etxearen alde, ahalegina --eta ahalegin soila ez dena ere-- ipiniz Floridak jarrai dezan izaten berak orain hogeita hamar urte pasatxo sortzen lagundu zuen Miamiko Euskal Etxea.

Igandean, euskaraz Miamiko Jaialdi 2016, eta ingelesez Miami's First Annual Basque Rural Sports Picnic deitu duzuen elkarretaratzea egin zenuten...

-140 heldu eta hogei bat haur batu ginen eta egunpasa polit batez gozatu genuen herri kirolen inguruan. Arrakastatsua izan zen eta esker bereziak behar dizkiet eman New England-etik zein Kaliforniatik etorri ziren aizkolariei [aprobetxatzen dut hasieran Nevadatik etorri behar zuen Juan Branaren familiari nire doluminak emateko, urtetan Mendebaldean aizkoran gogor ibilitako nafar hau minbizi baten ondorioei gaina ezin harturik joan den larunbatean hil baita Renon]. Eskerrak baita ere lagundu zuten guztiei. Aizkolariak izan genituen, txinga-probak, sokatira eta harrijasotze erakustaldia; eta mus eta paella lehiaketak. Eguraldi ona izan genuen, baina hotz samarra ere aurrera egiten joan ahala. Jende gehiago espero genuen, baina eguna finkatu genuenean ez genekien Superbowl-ekin kointziditu behar zuenik, eta ez da erraz aurre egitea, AEBetan, eta seguruenik mundu osoan, telebista pantaillen aurrean jenderik gehien ipintzen duen ikuskizunari.

Goizaldeko lauetan jaiki eta gauerdian oheratzea suertatu zitzaizun, eta aurretik prestatu eta ondotik garbitzera ere joan beharra...

-Euskal etxe bateko kide bazara badakizu honelako gauzak tokatuko zaizkizula. Lan boluntarioa da, eta norberak nahi duelako eta gauzak egin behar direla pentsatzen duelako sartzen da. Utzidazu, baina, aukera baliatzea etxeko bolondresei eskerrak emateko, Kontxi eta Armandori, Magu eta Ernestori, nire emazte Sara eta seme Daniel-i, eta Miren-i eta gure catering enpresako zazpi langileei, oso goiz ibiltzea tokatu baizitzaien eta euren onena eman baitzuten guztia guk nahi bezain ondo atera zedin; ahaztu gabe Angulotarrak, beti  baitaude prest gu eta gure ebentuak abegikor errezibitzeko aintzira ondoko euren jabego ederrean .

Miamiko Euskal Etxea pilotari lotua jaio zen. Zerikusirik ez dute orduko egoerak eta 70 edo 80. urtetakoek.

-Floridan garai batean  hamaika frontoi ere izan genituen eta gaur egun soilik Miami eta Dania geratzen dira, Fort Pierce aipa dezakegu eta anekdota gisa Ocala-koa, honetan afizionatuen arteko partidaren bat baino ez baitute jokatzen, lizentzia mantentzearren. Jokoaren eta apustuen munduan jan egin du Jai-Alaia. Jendeak egun beste edozerri egiten dio apustu, edozerri. Dania Jai-Alai berak aldatu berria du izena eta Dania Beach Casino bilakatu berri da. Pilotaren gaia hemen Legealdian [Estatuko parlamentuan] dago eta oraingoan ez bada, hurrengoan, 'beranduago edo goizago', Estatuak baimena emango die joko enpresei frontoiak ixteko. Nik ezagutu nituen Jai-Alaiaren urrezko urteak Estatu Batuetan eta oraingoan tristetu egiten nau, pilota barruan daraman zerbait da.

Boniguen zen zure pilotari ezizena. ¿Nolakoa zen bizimodu hura?

-Egundoko urteak izan ziren. Egia da, baita ere, gazte ginela. Frontoiak bere egiten ziren eta jendeak ezagutu egiten zintuen. Ez genuen atleta amerikarrek adina irabazten, baina bista zeukanak dirua aurreztu zezakeen, planak egin eta etorkizuna prestatu. Bizimodua? Gauekoa gehienbat. Goizeko 10etan edo 11etan jaiki eta hondartzara joaten ginen 'hankak' egitera, partidak jokatu eta frontoitik gauerdi ostean ateratzen ginen, ondoren tragu bat hartzera joateko ugari genituen fan-ekin, hiruretan edo lau retan etxeratzeko, hori formalenek.

Tampako pilotariak izan ziren Floridako lehenengo euskal etxea zabaldu zutenak.

-Bajan zegoen pilotari bat etorri zen Tampatik Miamira eta harek aipatu zigun. Nik beti neukan gogoan halako zerbait sortzea, hitz egin genuen, lokal bat topatu nuen, egokitu genuen eta honela, zenbait lagunen artean, sortu genuen 86an Toki Ona, bertara sarbidea zutela pilotariek eta euren familiek, haur eta lagunek... Handik urte t'erdira-edo beste talde batek Txoko Alai sortu zuen, txoko izateko asmoarekin, gizonentzat bakarrik. Geroago, ikusi genuen ez zeukala zentzurik, gutxi izanda, bi elkarte edukitzeak eta bat egin genuen, eta tartean, pilotaren egoera gogorrarekin, Tampako euskal etxea desagertu zen.

Zer bultzatzen zaitu urteak eta gero jo ta ke segitzera beti Euskal Etxearen sostengatzaile?

-Ez dakit, baina segitzen dut. Pilotaren mundua hemen erabat behera etorria da, hor ezin dezakegu gauza handirik egin. Baina Euskal Etxea guk sortutako zerbait da, batzen gaituena eta aitzaki bat ematen tarteka batzen segitzeko. Uste dut segitu behar dugula erreferentzia hori eukitzen. Bestalde, emailak eta aholku-eskeak jasotzen ditugu hona etorri nahi duten Euskal Herriko gazteen aldetik, eta saiatzen gara laguntzen eta gure esperientziarekin gidatzen. Euskara eskolak ere izan ditugu, elkarretaratzeak antiolatzen ditugu, baita jaiak ere Aberri Eguna, San Inazio... Barruan dara mazun zerbait da, galdu nahi ez duzuna, nahiz eta argi dagoen laguntza eta konpromiso handiagoa beharko genukeela, gero eta gehiago izanik gero eta in dartsuagoak izango baikara. Hemendik gonbitea bidaltzen diet Floridatik pasatzeko asmoa daukaten euskaldunei gurekin harremandu daitezen, edo hemen bizi eta oraindik gurekin kontaktatu ez dutenei, egin dezaten. Webgunea daukagu eta Facebooken gaude. Gure hurrengo elkarretaratzea martxoan izango da, Aberri Egunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia