Buenos Aires, Argentina. Gernikako herritarren eta hiribilduaren aurka 1937ko apirilaren 26an egindako aire eraso eta sarraskia tinko markatuta dagoen data da euskaldun askoren egutegietan Euskal Herrian zein bere diasporan barrena. Ostiral honetan 87 urte beteko dira Bonbardaketa egin zutenetik eta munduko hainbat Euskal Etxe ere ari dira gogoratze ekitaldi eta programak prestatzen. Hitzorduen artean izango dira Haritzak munduan dauzkan kimuen inguruan egingo direnak gertatutakoa hizpide, Picassoren “Guernica” islatzen duten muralen aurrean egindako oroimen-ekitaldiak, ohorezko aurresku eta euskal dantzak, edota zinema eta antzezpenak, bakearen aldeko gogoeta bultzatuz. Urteurrenari lotutako aurtengo lehenengo artikulu honetara jarduera horietako batzuk batu ditugu, kasu honetan Argentinako geografian deitutakoak.
Egunari aurrea hartuz, bezperan, apirilaren 25ean, osteguna, Patagoniako Viedma eta Carmen de Patagonesko Aberri Etxeak “Gernika” filma emango du, 20etan, doako sarrerarekin. Urteurrenaren egun berean, apirilaren 26an, Tandilgo Gure Etxeak, bere ohiko oroitzapen ekitaldia egingo du Euskal Etxearen aurreko M. Rodríguez Plazan dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan, 17:30ean. Aurreskua dantzatuko dute, lore eskaintza egingo eta Tandilgo Euskal Etxeko lehendakari ohi eta gernikar baten alaba den Cecilia Lejarreta bertaratutakoei zuzenduko zaie.
Ber egunean Buenos Airesen, 20etan, Euskaltzaleak elkarteak Koldo Serraren “Gernika” filma proiektatuko du bere egoitzan, sarrera libre eta doakoarekin. Ondoren, elkarretaratutakoen elkarrikustealdia, euskaltegiak eskainitako taberna zerbitzua izango dela, pintxo eta txistorra mokaduekin. Lapridako Lagunen Etxean, Eduardo Torry lehendakariak egingo du efemeridearen inguruko hitzaldia, Euskal Etxeko Mus Txapelketa hasi aurretik. Mar del Platan, Denak Bat Euskal Etxeak, Arturo Illia Ikastetxe Nazionalean egingo den ekitaldian hartuko du parte. Oroitzekoa da bertan, iaz, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zutela. Zuzendariak eta irakasle zein ikasle taldeak izango dira partaide Euskal Etxeko dantzari, bazkide eta lagunekin batera.
Apirilaren 27an, larunbata, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak, urtero egin ohi dien omenaldia eskainiko die biktimei, bere egoitzan, duela 108 urtedanik, hazten den Gernikako Arbolaren kimua lekuko dela. Etxeko dantzariek aurreskua eskainiko dute eta Josi Landa bazkideak hitz batzuk esango dizkie bertaratutakoei, lore eskaintza eginez arbolaren magalean. Hitzordua 18:30etan da.
Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak oroitzapen topaketa egingo du 19:30ean, ohorezko aurreskua lagun eta publikoari irekitako klase labur batekin, iaz inauguratutako Picassoren “Guernica”ren kopia den muralaren ondoan. Jarraian, Guernica, mi primer pantalón largo (Gernika, nire lehenengo praka luzeak) antzezlana taularatuko du Euskal Etxeko "Bat Etorri" Antzerki Taldeak, 35 aktore protagonista dituen kontakizun autobiografikoa oinarri duen obran.
General Belgranoko Gure Etxeak 16etan egingo du bere ekitaldia, Banderen Monumentuaren ondoan. izan ere, Tandilgo Euskal Etxeak emandako Gernikako Arbolaren kimua landatuko dute, eta Gral. Belgrano herriari oparitu. Ekitaldi bereko parte, euskal dantza erakustaldia eta klase irekia jendaurretuko dituzte, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak-eko dantzariak partaide.
Cordoba hirian, berriz, bertako Gerora Euskal Kultura Elkarteak gonbita zabaldu die herritarrei apirilaren 30ean, asteartea, Cordobako Unibertsitate Nazionaleko Letren Fakultateko B Entzutegira bil daitezen Gernikako Bondardaketa gogora ekarriko duen ekitaldian parte hartzearren, sarraskia hizpide hartu eta oroitzearekin batera "bakea hausnargai hartu eta lot gaitezen beste behin euskal herritarren eta mundu guztiaren Giza Eskubideak eta Eskubide Historikoen defentsaren aldeko konpromisoan".