Zenbait ekitaldi Argentinako Rosarion Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta: bihar lore-eskaintza hiriko Gernika Plazan, etzi hitzaldia... Rosarioko Euskal Etxea antolatzaile. Ondotik, ordea, maiatzaren 7tik uztailaren 2ra Rosario Hiriko Museoak erakusketa antolatu du "Bat eta mila Gernika" izenpean gerrek populazio zibilarengan daukaten eragina mahaigaineratzeko, Gernikatik hasita gaurdaino, Gernikako Bakearen Museoko materiala eta baita ere Yannis Behrakis eta Harry Chun argazkilariek egungo errefuxiatuen egoera salatuz egindako argazki eta materialaz.
Rosario, Argentina. Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrenean asko dira munduan zehar efemeridea gogoan hartu eta ekitaldiak antolatu dituzten euskal elkarte eta etxeak. Aldi berean, ez dira gutxi euskal kolektibitatearekin bat egingo duten bestelako lagun eta erakundeak. Izan ere, sarraski hartaz haratago, bakearen ikur bihurtuta, Gernika oroitzearekin populazio zibilaren kontrako erasoak salatu eta gaitzetsi egiten dira.
Gernikarekin hasi eta gaur egun arte segitu eta batere geratu ez diren eraso horiek ezagutarazi eta salatzeko, "Uno y mil Gernikas’ (Bat eta mila Gernika) izenburuko erakusketa irekiko du Rosarioko Hiriko Museoak maiatzaren 7an. “Duela 80 urte, Espainiako Gerra Zibilaren baitan Bizkaiko herrixka honek hegazkin nazi aleman eta faxista italiarren erasoa jaso zuen eta ondorioz pertsona ugarik euren herria utzi eta beste herrialde batzuetan topatu behar izan zuten babesa, besteak beste Argentinan”, azaltzen du Museoaren gonbiteak.
Proposamena ez da Euskal Herrian gertatutakora mugatzen. Gernikako Bonbardaketa zoritxarreko mugarri hartuta, gerrak direla eta eragindako beste hainbat erbesteratu eta errefuxiaturen egoera islatzen duten argazki lanak jarriko dira ikusgai erakustaldian. Erakusketaren edukien artean Gernikako Bakearen Museoko argazki materialaz gain, egungo migratzaileen eta gerretako biktimen oinazea begi bistan uzten duten Yannis Behrakis eta Harry Chun argazkilarien lanak ere ikusi ahal izango dira. Irudiak osatzeko, testigantzak eta lekukotasunak ere bilduko ditu erakusketak.
‘Bat eta mila Gernika’ maiatzaren 7an inauguratuko da Rosario Hiriko Museoan, goizeko 11etan eta ordutegi hauetan ikusi ahal izango da: asteartetik ostiralera: 9etatik 15etara; larunbatetan eta jai egunetan, 14etatik arratsaldeko 7etara; eta igandetan 8:30etatik 13:30etara. Hiriko Museoa Oroño kaleko 2300 zenbakian dago, Independencia Parkean. Informazio gehiago eskuratzeko, jo (+34) (0341) 4808665 telefonora edo museociudad@rosario.gob.ar helbide elektronikora. Facebooken ere badago Museoa, Museo de la Ciudad de Rosario "Wladimir Mikielievich" izenpean.