Bartzelona, Katalunia. Bolondresak oinarrizko osagai izango dira urriaren 14tik 20ra jokatuko diren Bartzelona 2018 Pilota Mundu-Txapelketetan eta karia horretara antolatzaileek deialdia luzatu dute, lagundu eta partaide izan nahi duten guztiek izena eman dezaten eta talde antolatzailera bil daitezen. Ehundik gorako jende kopurua behar da txapelketak egoki aitzinarazi ahal izateko, hainbat postutan: "jende entusiasmodunak behar ditugu, engaiatuak, ekitaldiko arima izan daitezen eta euren lankidetzarekin helburu jarri duguna lor dezagun, alegia Bartzelonako hauek euskal pilotaren historian orain arteko onenak izan daitezen", adierazi dute antolatzaileek.
Ez da ezinbestekoa aurretik pilotarekin loturarik izatea. "Profil aldetik aniztasuna ari gara bilatzen. Bolondresen lana gehienbat lehiakideta eta zerbitzu arloetan izango da. Lehiakidetzari dagokionez, hor bai pilotari edo pilotazale beharko dutela izan, baina badaude beste eginbehar asko ezagutza edo kontaktu hori eskatzen ez dutenak. Izan ere, pilota hurbiletik ezagutzen ez duen jendea nahiko genuke geureganatu, kirol berezi eta liluragarri hau erakustearren, fisikoki eskatzen duen prestaketa gogorra edertasun teknikoarekin uztartzen baitu pilotari ematen zaion kolpe bakoitzean", azaltzen dute.
XVIII Euskal Pilota Mundu Txapelketa (Bartzelona 2018) urriaren 14tik 20ra jokatuko da Kataluniako hiriburuan, bertako Vall d'Hebron frontoi ospetsuetan, 14 estatutako selekzioak partaide, estatuka beraz. Hastapen-partida, urriaren 14an, Espainia-Argentina paletakoa izango da, eta ondoren ekingo zaio lehia ofizialki zabaltzeari. 14 mota izango ditu eta orotara 140 partidatik gora jokatuko dira.
-Bolondres izan nahi dutenek, hona jo dezakete
-Webgunea: https://www.mundialpilota2018.org