Bolivar, Argentina. Bolivarko Nafar Etxea eta Rosarioko eta Bolivarko Nafar Etxeetako Dantzari Taldeak partaide izango dira datorren ostegunetik aurrera eta igandea bitartean —ekainaren 23tik 26ra— Buenos Aires probintziako Bolivarren egingo den Gizataldeen Azokan. Udaleko Kultura Zuzendaritza eta Merkatari Ganbera ere eragile, komunitate partaideetako herri gastronomiak, musikak, dantzak eta bestelako erakustaldi artistikoak protagonista izango dituen programa bat eskainiko da, belaunaldi guztientzat eta familien partaidetza bultzatuz.
23an ekitaldiek San Juan Sua baitaratuko dute. Gogora dezagun San Juan Sua Europatik ekarritako oso ohitura zaharra dela, solstizioari eta eguzkiaren zikloari lotua eta kristautasunaren aurreko sinesmen eta ohiturak kristau jantziz estaltzen dituena San Juan izenpean. Baina Kolon aurretik ere gurtzen zela eguzkia Ameriketan. Aste honetan, San Juan egunaren bezperan, 23an, su bat egingo da Bolivarreko Zentro Zibikoan, hiru panpin handi eta hainbat gauza eta gurari txar errez eta, suaren indar garbitzailea medio, atzean utziz eta aro edo sasoi berri bati hasiera emanez.
Jaia aurkeztuz, Bolivarko Nafar Etxeko Mariana Sardón lehendakaria ere hiztun (Bolivar Television)
Batera edo bestera leku askotan ospatzen den festa da 'San Juan Sua', eta hala egiten dute aste honetan bilduko diren herrialde eta gizataldeetako zenbaitetan. Gogora dezagun, lau eguneko programan partaide izango direla Bolivarren herriko Nafar Etxearekin batera, Sociedad Española, Sociedad Italiana, Centro Lucano, Asociación Castellano-Leonesa eta Casa Balear, besteak beste. Igandera bitarteko gainerako egunetarako ere egitarau aberatsa prestatu da. Larunbatean Rosarioko nafar dantzariak (13:45) eta Bolívarko Nafar Etxekoak (14:45) taularatuko dira. Eta igandean, Udala antolatzaile, Los Reyes del Cuartetorekin egingo den emanaldi batekin amaituko dira ekitaldiak.