euskal diaspora eta kultura
2014/04/01
PUBLIZITATEA
Bolivar, Argentina. Berrehun bat lagun elkartu ziren joan den martxoaren 22an Bolivarreko Nafar Etxean instituzioaren 60. urtebetetzea ospatzeko. Jaian zehar musika eta dantza emanaldiak burutu ziren publikoaren gozamenerako: musikarena, etxeko abesbatzaren eskutik; dantzarena, berriz, etxeko dantzarien ardurapean gauzatu zen. Are gehiago, erakundearen historiari omenaldi bat egiteko, etxeko dantzari ohiak, edade guztietakoak, gonbidatu zituen oraingo taldeak guztiek batera dantza bat egiteko. “Asmoa zen helduak ere batzea; etxeko lehenengo dantza taldea, 1954. urtean sortua, oso handia, oso jendetsua zen; gero arrazoi ezberdinengatik jendea utziz joan zen eta orain, instituzioaren 60. urtebetetzean, ideia ona iruditu zitzaigun berriro elkartzea”, azaldu dute antolatzaileek.
[Nafar Etxeko agintariak urtebetetze tartaren inguruan]
[Jaiaren baitan Nafar Etxeko abesbatzak bere pieza batzuk kantatu zituen]
Baina Bolivarreko Nafar Etxearen deialdiak herriko mugak gainditu ditu eta herritarrak ez ezik, Mar del Platako Nafar Etxeko gazteak ere bildu zituen festara. Afarian maila handiko menua eskaini zen eta afalostean urtebetetze tarta eta sagardoa partekatu zituzten gonbidatuek.
[Gaua alaitzeko eta batez ere instituzioaren betiko lagunak berriro elkartzeko iritsi ziren dantzak Bolivarreko Nafar Etxera]
Urtebetetzearen berriarekin batera, hurrengo ekintzak zeintzuk izango diren ere iragarri die Mirta Moriones Nafar Etxeko lehendakariak bertako hedabideei. Morionesek jakinarazi duenez, maiatzean agintari berriak aukeratzeko Urteroko Biltzarra egingo da eta uztailaren 18an Sanferminak ospatuko dituzte bolivartarrek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus