euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bolibar (Bizkaia) jaioterrira bueltatzea, Pedro Uberuaga cowboy euskal amerikarraren ametsa

2010/10/28

Pedro Uberuaga, Bolibarko bere etxean (argazkia Deia)
Pedro Uberuaga, Bolibarko bere etxean (argazkia Deia)

PUBLIZITATEA

Pedro Uberuaga, 71 urteko bolibartarra --berak 65 urte dituela dio, baina--, jaioterrira bueltatu da egunotan. 40 urtetan familiari bisita egiten dion bigarren aldia da hau, 1964ean Boisera (AEB) joan baitzen artzain. Oraingoan biloba batekin bueltatu da, Boisen beste 14 biloba, eta 8 birbiloba utzita. Nahiz eta hasieran gorriak eta bi ikusi zituen mendian bakar-bakarrik, atzera bueltatuta zalantzarik gabe berriz ere AEBetarako bidea hartuko lukeela dio. Jose Basurtok Deia egunkarirako elkarrizketa egin dio gazteleraz. Jarraian guk elkarrizketaren nondik-norakoak laburbildu ditugu.

Jose Basurto/Deia. "Errifle bat, zaldia eta lau txakur eman eta mendi puntan bakarrik utzi ninduten, zibilizaziotik 45 kilometrora, 3.000 ardirekin". Horrela deskribatzen du Pedro Uberuagak bere abentura amerikarraren hasiera. Harrez gero 45 urte pasa dira, eta Pedro ez da jada Pedro, Pete, baizik. Alemaniar jatorridun amerikar alargun batekin ezkondu eta haren bost seme-alabek 15 biloba eta 8 birbiloba eman dizkiete. Nampan bizi da, Boisetik 35 kilometrora, arrantxu batean.

Boisen zeuden koinatu eta ezagun batek animatu zuten orain dela 40 urte emigratzera, eta Euskal Herrian lan on bat aurkitzerik ez zuela ikusita alde egitea erabaki zuen, ingelesa ikasteko asmoz behintzat. Hasieran ezin izan zuen, baina, hizkuntzarik ikasi, heldu orduko mendira eraman eta bakar-bakarrik utzi baitzuten. "Ez nuen inoiz beldurrik izan", dio. "Gainera, erriflea eman zidanean nagusiak argi esan zidan: mugitzen den edozerri tiro egiozu, animalia ala gizona izan". 

Mendian sei urtez artzain ibili ostean, igeltsero lana lortu zuen. Sorterrian amari etxe bat egiteko adina diru biltzen ari zen, baina bidean Aruin emaztea aurkitu eta harekin famili-kabia egin zuen Boisen. Ezkonberrien lehendabiziko bi urteak zailak izan ziren, hizkuntzagatik, baina emazteari eta seme-alabei esker ingelesa ikastea lortu zuen. Egun bere lehen hizkuntza du, euskararen aurretik. 

"Han euskara euskal etxean baino ez dut erabiltzen, baina gero eta gutxiago egiten da". Herrimina hemengo familiarengan pentsatzeak eragiten dio. Baina "han nagoenean euretaz eta Bizkaiaz akordatzen naiz, eta hemen nagoenean Estatu Batuetakoaz eta nire arrantxuaz". Hemengo familiaz gain, arraina ere botatzen du faltan. "Han arraina izoztua da", dio, "egur zati bat bezain xamurra". Horregatik, Euskal Herrira datorrenean arrain freskoa jaten du. Eta gaztaroko txokoak bisitatzen ditu. Beste behin ere bueltatuko dela agindu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia