euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Boiseko Txuri Urdinak' peña sortu dute Idahoko hiriburuan, Estatu Batuetako lehenengo elkarte realzalea

2010/08/04

Lagun talde realzale berriak atera duen lehenengo argazki ofiziala. Oihalari eusten, ezkerraldean, hiru anai-arreba bietertarrak; eskuinekoari eusten, Jesus Alcelay.
Lagun talde realzale berriak atera duen lehenengo argazki ofiziala. Oihalari eusten, ezkerraldean, hiru anai-arreba bietertarrak; eskuinekoari eusten, Jesus Alcelay.

PUBLIZITATEA

Badirudi joan den abenduan Argentinako La Platan 'Argentinako Realzaleak' peña sortzearekin hasitako bideak jarraipenik topatu duela Diasporan, kasu honetan Estatu Batuetan, bertan, Idaho estatuko hiriburuan, sortzen hasi berria baita futbol talde gipuzkoarraren aldeko lagun talde bat, 'Boiseko Txuri Urdinak' izenpean, oraindik ere Boisen 'Jaialdi' euskal festa erraldoiaren oihartzuna --edo bestondoa ote-- airean dabilenean.

Boise, Estatu Batuak. Jendaurreko lehenengo aurkezpen honekin badu zerikusia Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirola eta Kanpo Harremanetarako diputatuaren presentziak Boisen bukatu berria den Jaialdi elkarretaratze handian, hemengoek galdeginik ekarri baititu diputatuak, bere bidaia baliatuz, Realaren oihal eta ikurrak, peña txuri-urdina sortze bidean ari den talde honen jarduna errazteko eta hemengo realzaletasunari sendotzen eta hedatzen lagungarri izan nahi baitu foru erakunde gipuzkoarrak.

Estatu Batuetan 'peña' izaera ofiziala lortzekotan sortu den lehenengo lagun talde realzalea omen da 'Boiseko Txuri Urdinak'. Jaialdi 2010ek jende bilgarri gisa dakarren aukera baliatu dute aurkezpena egiteko, eta Boisetik kanpo bizi diren realzale batzuk ere bildu ahal izan dute lehenengo pauso hauetan partaide izateko asmotan. Horien artean dago, esaterako, berez Wyoming-eko Buffalokoa den baina egun Washington estatuko Seattlen bizi den Jean Escoz, jatorri luzaidarrekoa bera, gaztetan Donostian bizi izan zituen momentu goxoak gogoan, peña sortzeko une honetan bere alaba Oihane besoetan --afizioa hari pasatzeko-- agertu nahi izan duen euskal-amerikar zintzoa.

Boiseko Euskal Etxearen aurrean egindako argazkira bildu nahi izan dute, besteak beste, Fritz anaiak, euren aitarekin batera Celtaren kontrako partida historikoko ikusle eta lekuko izan zirenak. Boisek Bizkai aldera tiratzen badu ere, betidaniko realzale dira Maddalen, Andoni eta Josu Bieter Lete, ama errenteriarra dutelarik ahal dutenean, udetan, bertako familia eta lagunak bisitatzera baitoaz, eta baita ere, jakina, euren realzaletasuna elikatzera, argazkiak berak erakusten duenez Realeko elastikoa eta guzti baitaukate. Eurekin batera, Zach Theiler-ek, Jennifer Williams-ek eta T. I. Genger-ek ere ez dute pelaren hastapen hau galdu nahi izan.

Gidaritza, alabaina, Jesus Alcelay oñatiar boisetarrak edo boisetar olatiarrak darama, bere seme Xantirekin batera arduratu baita ekimen hau aurrera ekartzeaz. Beste boisetar batzuk, hala nola Nick Vicandi edo Teodoro Totorica ere emendatu zaizkio.

Gipuzkoako Foru Aldunditik atseginez ikusi dute ahalegina. Galdos foru diputatuak adierazi du boisetarrek emana dutela lehenengo pausoa Realaren aurrean peña ofizial gisa erregistratzeko, eta denbora gutxi barru zabalduko dutela orria Facebook-en, Estatu Batuetako realzaleak biltzeko eta ekipo gipuzkoarra animatzeko lana ahalik eta egokien egin ahal izateko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia