euskal diaspora eta kultura
2009/04/01
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. Oinkariren historia 1960ean hasi zen, Boiseko hogei urteko euskal amerikar gazte talde batek Euskal Herrira bidaia egin zuenean. Taldetxo hori Al Erquiagak, Delphina eta Diana Urrestik, Toni Murelaga Achabalek, Simon Achabalek, Clarine Anchusteguik eta Bea Solosabalek osatzen zuten. Euskal Herrian eman zituzten egun horietan Oinkari izeneko dantza talde bateko kideak ezagutu, eta eurekin batera bi dantza ikasi zituzten. Dantza horiek etxera ekarri eta dantza talde bat sortzeko idea bururatu zitzaien. 'Boisen talde bat sortzeko asmoa genuen', azaltzen du Toni Murelagak, Simon Achabalen emazteak, 'baina ez genuen sekula ere amestu zertan bilakatuko zen'.
Boisetar hauek Euskal Herrira bidaia egin zutenean Francoren diktadura indar bizian zegoen eta euskal kultura zapalduta: ezin ikurriña erakutsi, ezin euskaraz hitz egin eta ezta euskal musika idatzi ere. Hori dela eta dantzari-gaiek abestiak buruz gogoratu behar izan zituzten etxera bueltako bidaian, Boisera heldu arte.
'Heldu bezain pronto Jimmy-rekin (Jimmy Jausoro, 'Boiseko soinujolea') bildu ginen, kantuak ahaztu baino lehen', azaltzen du Achabalek. 'Berak guk gogoan genuen guztia idatzi zuen. Eta guk gure jantziak egin eta entsaiatzen hasi ginen. Ez zen autentikoa, baina bai ahal izan genuen bezain autentikoa'.
Berriz taulagainera
Antza emaitza nahiko autentikoa izan zen eta taldeak 1960ean Boiseko euskaldunen aurrean egin zuen lehen emanaldiak sekulako arrakasta izan zuen. 'Hain urduri geunden ez genekiela ezta zertan ari ginen ere', gogoratzen du Achabalek.
Orain, 50 urte beranduago zazpi aitzindari hauek --orain 70 urte inguru dute-- berriz ere taulagainera aterako dira urteurreneko ospakizunetan parte hartzeko. 'Aurretik zerbait entsaiatzeko aukera izango dugula espero dut eta gero ahal duguna egingo dugu emanaldian', dio umoretsu Al Erquiagak. Taldeak Oinkaritik pasa diren dantzari guztiak --800 inguru-- bildu nahi ditu emanaldi horretarako. Parte hartu nahi dutenek Al Erquiagarekin harremanetan jarri behar dute, (208) 853-0678 telefonora deituz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus