euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Jaialdira joan nahi duzu? Gazteaukera AEBetako euskal festaren berri emango duten bi blogariren bila dabil

2015/05/18

GOazen Boisera lehiaketaren afitxa
GOazen Boisera lehiaketaren afitxa

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako euskal diaspora ezagutu nahi zenuke uda honetan? GOazen Boisera lehiaketa bi gazteren bila dabil, Boiseko Jaialdia ezagutu eta bertan gertatzen denaren berri emateko. Gazteen eginkizuna Gazteaukera blogean euskal jai honen berri ematea izango da. Komunikatzaile trebea bazara eta astebetez Boisetik blogari lanetan aritzeko prest bazaude, hauxe da zure aukera!

Donostia-San Sebastian. Bost urterik behin Boisen (Idaho) Jaialdi deituriko euskal jai handia ospatzen da. Bertan biltzen dira Euskal etxe ezberdinetatik eta munduko bazter ugaritatik etorririko bisitariak. Hartara, 6 egunez euskal giroa nagusitzen da Boiseko kaleetan; bertso saioak, dantzariak, herri kirolak, kontzertuak, eta abar ospatuz.

Aurten egingo da Jaialdi festa Boisen, uztailaren 28tik abuztuaren 2ra, eta GazteBizhitza orientazio eta aholkularitza  atariak lehiaketa bat jarri du abian 2 gazte bertara bidaltzeko. Gazteen eginkizuna bertako berriemale lanetan aritzea izango da, blogari gisa, Gazteaukera blogean. Zoritxarrez, soilik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan erroldatutako gazteek hartu ahal izango dute parte.

Eginkizunak

- Lehiaketan saridun suertatzen diren 2 gazteek, Boiseko Jaialdi festaren berriemale izango dira.

- Beraien eginkizunen artean: Gazteaukerako blogerako bidaiaren kronika egitea, elkarrizketak egitea, argazkiak egitea, bideoak grabatzea, etb.

-Egitasmoaren zabalpena egiten ere lagunduko dute kanal ezberdinetan (sare sozialetan eta komunikabideetan).

Nola parte hartu?

Parte hartzaileek euren komunikatzeko trebezia eta interesa erakutsi beharko dute. Horretarako, honako gaiak kontutan hartuz idazlan bat (kronika, erreportajea edo fikzioa) edo bideo bat bidali behar dute: Gazteak eta Ikasketak, Gazteak eta Lana, Gazteak eta Etxebizitza, edo aurreko hiruren edozein konbinaketa (adib: Gazteak+Ikasketak+Lana).

Lan motak

3 aukera:

  • 1. Testu bat (euskaraz eta gaztelaniaz, bai bi hizkuntzatan testu bera), Word edo PDF formatuetan. Idazlanaren generoa: kronika, erreportajea edo fikzioa.
  • 2. Bideo bat, 2 eta 5 minutu artekoa eta gehienez 25 MBtakoa, avi, mov edo mp4 formatuetan.
  • 3. Testua eta bideoa

Testuak euskaraz (orri bat edo bi) eta gaztelaniaz (orri bat edo bi) bidali behar dira (testu bera bi hizkuntzatan idatzita), aukeratutako bi pertsonek blogeko postak bi hizkuntzatan idatzi beharko baitituzte.

Bideoek ahal den neurrian ( hizketaldirik balego) elebitan egon behar dute (ez da azpititulurik jarri behar). Musika erabiltzekotan kontutan izan lizentzia libreak edo Creative Commons lizentziadun kantuak erabili beharko direla, gero bideoak Interneten erakutsi ahal izateko. Musika biltegi honetan kantu libreak eskuragai daude.

Lanaz gain parte hartzeko fitxa bete eta bidali behar duzu.

Epea

Lanak maiatzaren 5etik ekainaren 4ra jasoko dira, bi egunak barne. 

Idazlanak bidaltzeko pausoak

Bideoak bidaltzeko pausoak

Ekimenaren sustatzailea

GazteBizHitza, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako zerbitzua da. GazteBizHitza atariak Ikasketak, Lana eta Etxebizitzaren inguruko informazioa eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen ditu gazteentzat. Bertan publikatuta dauden testuak eta bideotutorialak lagungarri izan dakizkizuke zure bizi proiektua garatzeko eta baita lehiaketa honetan parte hartzeko ere.

Informazo gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia