euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko jaialdi ez da festa soil bat, ospakizun da

2015/08/02

PUBLIZITATEA

Boiseko hiriak eta jatorri euskalduneko bere biztanleek ahalegin handia egin dute azkeneko hamarkadetan etorkizuna ematearren euren iragan euskaldun aberatsari. Etorkizunari begira kateari segida ematearren egindako ahalegin horren ataletako bat da Jaialdiren fenomenoa.

Joseba Etxarri/Boise, Idaho (AEB). Nabarmen aldatu da Boiseko hiria azkeneko mendean  --zer ez da aldatu-- baina, bere osagarrietan eta paisaian mantendu diren gauzen artean euskaldunak, euskaldunen presentzia dago. 19. mendeak 20.ari lekukoa pasatu zionean bazen euskaldunik Boiseko biztanleen artean; eta ehun urte geroago 21. mendea iritsitakoan, presentzia hori eta euskaldunen partaidetza hori galdu edo amerikartasun orokorrean urtu barik, sendotuta ikusiko dugu, instituzionalizatu eta finkatuta.

Izan ere, Boiseko euskaldunek ongi jokatu dituzte euren kartak eta jakin izan dute 20. mendean zehar aurrera luze begiratu eta geroa prestatzen, talde gisa aurrea hartuz edozein gizataldetan gertatu ohi den ahultze eta indargaltze joera naturalari eta balizko desagerpenari --askok, seguruenik hala gertatuko zela pentsatuko zuten-- eta, denborari bere lana egiten utzi aurretik, erabakiak hartu dituzte geroa bideratzearren eta euren iraupena talde gisa bermatzearren.

Honako lerro hauek Jaialdiri buruzkoak dira eta Boiseko euskal kolektibitatea, bertako seme-alabetako batzuk topatuko ditugu Jaialdi abiarazten 1987ko uztailean. Boisetar talde batek, bertan jaiotako lehenengo belaunaldikoek abiatu zuten Jaialdi; aipa dezagun Al Erquiaga, Oinkari dantza taldea sortu zutenetako bat, aspaldidanik buruan zeukan ideia bat gauzatzen, Gerri Achurra lagun, abiapuntua ipiniz 2015 honetan bere zazpigarren ediziora iritsi den elkarretaratzeari.

Lehenengo Jaialdi hura euskal festa gisa planteatu zen, ez segida berezirik izateko hitzordu gisa baina euskaldunen bilgune izateko aukera gisa. Old Penitentiary delako eremuan egin zen, 1882an, Idaho oraindik lurralde zela, lurraldeko espetxe sortu eta 1973an bere funtzio hura galduta herri-parke bilakatutako eremuan. Jaialdiko bi lehenengo edizioak, 1987 eta 1990ekoak, han egin ziren, aire zabaleko bere patioak, Jon Enbeita, Ireneo Ajuria eta Xabier Euzkitze bezalako bertsolarien jardunaren lekuko izan zirela edota Tapia eta Leturia eta Imanol kantariarenak, guztiak Euskal Herritik etorririk, hemen Boise, Idaho eta AEBetako artista, musikari, bertsolari eta dantzarienekin bat eginez.

Izan ere, lehenengo Jaialdi hura arrakastatsu pasatu ondoren eta 1990 urtea urte berezia izanik Idahorentzat, estatuak bere Mendeurrena ospatzen baitzuen Estatu Batuetako 43. estatua bilakatu zenetik, Boiseko ordungo alkateak, Dirk Kempthorne-k, galdera eta proposamen egin zion Boiseko Euzkaldunak elkarteari antzeko euskal festa bat antola zezan, Centennial-eko programaren barne sartu ahal izateko. Erantzuna, nola ez, baiezkoa izan zen. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzako ordungo Kultura sailburu Joseba Arregiren presentziarekin egingo zen, baita ere lehenago aipatutako artista batzuenarekin, kirolariak ere partaide, tartean Iñaki Perurena, harrijasotzaile baina baita ere momenturen batean bertsolari inprobisatu bezala ere jardunez.

Dave Eiguren sartuko da ekitaldiko antolatzaile eta 2010eraino arduradun nagusi bezala jardungo du, 2015eko edizioko ardura bi bikoteri pasatuz: Jeremy Malone eta Ana Mendiolari, eta Rod eta Amy Wray-ri, lau hauek zuzendarikide gisa kudeatu dutelarik Jaialdi lehenengoz aurtengo edizioan. 1990 izango da, baita ere, bost urteroko maiztasuna erabakiko den urtea, beti ere San Inazio egunaren --uztailaren 31aren-- data ardatz gisa harturik.

1995etik aurrera elkarretaratzea egun Expo Idaho deitzen den instalazioetan gauzatuko da. Eta elkarretaratzearen programa nagusiarekin batera, saihetsean beste ekitaldi eta egitarauak emandatzen joango zaizkio. Berez, Jaialdiaren programa ofizialaren muina eta ardatza larunbateko eta igandeko ekitaldiak dira, Expo Idahon, ostiralean horretarako deia egiten delarik Festa'ra izeneko festibalean, BSUko Morrison Center-en. Baina esan bezala asteburukoei beste hainbat ekitaldi itsatsiko zaizkio, egitarau barne zein kanpotik. Aurten bertan, asteartetik, uztailaren 27tik, iganderaino, abuztuaren 2raino doaz, tartean oihartzun handiko hitzorduekin, hala nola Sports Night edo Kirol Gaua, herri-kirolei eskainia. Ahantzi gabe hasieratik zeuden bestelako proposamenak, esaterako larunbat arratsaldeko San Inazio meza, prozesioa eta guzti santu euskaldunaren irudiarekin eta eliz-barruko alde gaineko dantzarekin --Corpus eguneko Oñatiko dantzak dantzatuz-- baina tartean baita erte Sinposiumak unibertsitatean, aurkezpenak, euskaldunei buruzko proiekzioak eta beste ekitaldi andanarekin.

Jaialdik maiz jaso du Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren bisita eta honela boiseratu dira Jaialdiko azkeneko hiru edizioetan Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu [Jose Antonio Ardanzak ere bisitatu zuien  Boise baina ez Jaialdi garaian]. Guztiei egin diete harrera Idahoko buruzagi gorenek, normalean gobernadoreak; eta kargua utzi zuen arte baita estatu-idazkari Pete Cenarrusak ere, bera beti hor Eusko Jaurlaritzaren eta Europako euskaldunen laguntzaile, eta bere ondotik Ben Ysursa estatu-idazkariak ere, erretiroa aurtengo urtarrilean hartutakoa, euskal jatorrikoa ere berau. Ekitaldietan protagonismo berezia izan du hasietatik baita ere Boiseko alkateak, are gehiago 2005ko Jaialditik aurrera, hiriak 2003an alkate euskalduna hautatu baitzuen, Dave Bieter, bertako familia euskaldun eta euskaltzale ezagun bateko kidea.

Baina iragan aberatsak ez du berez bermatzen gisa bereko orainaldi edo etorkizunik. Jaialdi eta bere progresioa posible izan dira Boiseko euskal jatorriko biztanleen ikusmen, ekimen eta lan eta konpromisorako gaitasunari esker, eta baita gainerako biztanleen sostenguari esker ere. Eurak landu eta sortarazi dute aurrerabiderako eta euskal pauso berrietarako haztegia, geroari begiratu dion ibilbide bati jarraiki gainera, aspaldidaniko gauza baita Boisen euskaldunek euren iraupenari eta etorkizunari so lan egitea. Hala gertatu zen orain dela mende bat baino gehiago herrian lehenengo euskal ostatuak sortu zituztenean emigratutako belaunaldiaren zerbitzuko; eta 1949an Euskal Etxea sortu eta Boisek euskaldunek gauzatutako Musika-Astea jorratu zuenean; 1960an Oinkari dantzari taldea osatu zenean; Euskal Museoa sortu zutenean 1985ean; Boise eta Gernika 1992an senidetu zirenean; Boiseko Ikastola sortu zutenean 1998an; 2000ean Basque Block Jaialdiren baitan inauguratu zutenean, 2005eko Jaialdin BSUko Basque Studies Minor ofizialki abiarazi zenean... Ez da erraza katea horretako begi guztiak aipatzea, baina zerrenda horren baitan kokatzen da Jaialdi, ongi errotutako enborraren adar legez. Jaialdi, Boisen, ez da festa soil bat, ospakizuna da, bertako euskaldunen izatearen iragan-geroaren ospakizun partekatua, gainerako amerikarrak eta gainerako euskaldunak tartean  nahi dituena.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia