euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Ikastolako haurrek ikastetxearen eraikin berria estreinatuz hasiko dute ekainaren 22an Udako Saioa

2015/06/01

Lan handia egin dute irakasle, arduradun eta boluntario taldeek Boiseko Ikastolaren eraikin berria egokitzeko; zeregin handia dute oraindik aurretik, baina hurbil dago Ikastola berriaren irekiera (Argazkia: BM&CC)
Lan handia egin dute irakasle, arduradun eta boluntario taldeek Boiseko Ikastolaren eraikin berria egokitzeko; zeregin handia dute oraindik aurretik, baina hurbil dago Ikastola berriaren irekiera (Argazkia: BM&CC)

PUBLIZITATEA

Ekainaren 22an hasiko du Boiseko Ikastolak 2015eko udako programa. Baina ez azkeneko hamazortzi urtez egoitza izan duen St. Paul’s Catholic Student Center-en, martxoaren 2an erositako eraikin berrian baizik. Idahoko hiriburuko Broadway kale jendetsuan dago, eskola publiko baten aurrean. “Ikusgarritasunean irabaziko dugu, aldaketak hobekuntza nabariak ekarriko dizkigu”, adierazi dio EuskalKultura.com-i Oihana Andion irakasleak.

Boise, AEB. Lekuz aldatzen da eta South Broadway kaleko 1955. zenbakian egongo da, hemendik aurrera, 1998an sortutako Boiseko Ikastola. Hilaren 22an bertan hasiko dituzte udako ikastaroak, “askoz ere leku argitsu eta alaiago” batean, Oihana Andion andereñoak dioskunez. Irakasle nafarrak onurak baino ez dizkio ikusten eraikin berriari: “Oraingo eraikinak baino leiho gehiago ditu eta alaiagoa da umeentzat. Eta eraikina beste inorekin partekatu behar ez izatea abantaila handia izango da, horrek geure burua bestelako loturarik gabe hobeto antolatzeko aukera ekarriko baitigu". Izatez, orain arte, St. Paul’s-eko kideek ere erabiltzen zuten tokia eta, horrek irakasleen lana bikoiz zezakeen, prestaketak zirela-eta, instituzio katoliko honekiko lankidetza berez oso emankor eta baliagarria izan bada ere, hazkuntza eta orain ematen ari den urrats berri hau ahalbidetuz, izan ere.

Erosotasunaz aparte, segurtasun aldetik ere hobera egingo du Ikastolak. “Egoitza berria zertxobait txikiagoa da, baina hainbat lehio dituenez haurrak, barruan ala kanpoan egon, toki guztietatik ikus ahal izango dugu non dauden”, argitzen du Andionek, “barrutik ere, kanpoko aldea ederto ikus daitekeelako”. Horrez gain, eraikin barruko horma bat bota dute eta, horrela, gelen arteko banaketa ez da hain zurruna izango. “Errazago kontrolatuko ditugu umeak”. Haurren eta autoen parking zonaldea ere ongi banatuta egongo dira.

Garaiotara egokitu ahal izango dute orubea, elbarrientzako sarbideekin zein mugikortasun murriztua duten pertsonentzako komunekin, adibidez. Altzari modernoagoak izango dituzte ere eta ume txikien neurriko sukalde egokitu bat.

Egindakoak eta egin beharrekoak

Hilabeteak daramatzate Ikastolako guraso eta arduradunak, eta euskal komunitateko boluntario asko orubea egokitzen baina, Andionek dioenez, “erronka handiena eraikitzeko baimenak lortzea izan da”. Eremua egokitzeko eta barruko horma botatzeko baimenak bazituzten baina, maiatzaren 21era arte ez zuten lortu komunetan, sukaldean eta kanpoan jolastokia egiteko lanentzako baimena.

Zentroetan oinarritua

Ikastola berritua zentro desberdinetan egongo da banatuta, txikienek zentzumen guztiak erabilita ikas dezaten. Irakasleak aipatzen duen legez, lur eta arezko txoko bat egongo da kanpoaldean, bai eta belardi txiki bat, ortu bat, egurrezko bloke batzuk nahi dutena eraiki dezaten, ur jausiez egindako zentro bat, zientzia gune bat eta musikaltasuna garatzeko soinuen zentro bat. Horrekin batera, txotxongilo eta mozorroen eremua izango dute. “Dinamikoagoa eta alaiagoa izango da −azpimarratzen du nafarrak− eta uste dut horrek jende gehiago erakarriko duela”.

* Udako programarako izen emate epea irekita dago urte osoa zehar
* 30 ume jaso ahal izango ditu haur-eskola berriak, orain baino lau gehiago
* Boiseko Ikastolaren ate irekien eguna ekainaren 23an izango da



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia