Boise, AEB. Duela 70 urte Boisen egin zen lehenengo 'Song of the Basque' ikuskizunak marka utzi zuen, bertako euskal komunitatearen lehenengo agerraldi edo taularatze publikoa bilakatuta. Euskal Etxea orduantxe sortzen, euskaldunak bildu eta Boiseko gainerako herritarren aurrean euren kantua, dantzak eta kultura herrikoia erakutsi zuten taula gainean, euskal komunitate osoa, zaharrak eta gazteak, partaide. Bi emakume antolatzaile: orduan Juanita Uberuaga Aldrich Hormaechea, eta oraingoan Patti Miller.
Lehenengo plazaratze hartatik 70 urte pasa diren honetan, orduan haur zirela partaide izan zirenetako batzuk ere arituko dira oraingoan ere, "4 urtetik 94 urteko" antzezleak batuko dituen ikuskizuna eskainiz “Song of the Basque II – The Legacy Continues” izenburupean. Belaunaldi zaharrek belaunaldi berriei egin diete lekua, eta euskalduntasunak bizirik segitzen du Boisen, aldatu eta eguneratuta, baina bere erroei jarraiki, eta lekukoa pasatuz aldaxka berriei. Katea ez da eten.
Ekitaldi oso berezi eta zirraragarria izango da. Boiseko euskaldunen historia eta bilakaera erakutsiko du, euskaldunak bertakotzen, euskal-amerikar bilakatzen, aldatzen izaten segitzeko. Orduan eta orain, Boiseko Musika Astearen baitan eskainiko da, Morrison Center-en, datorren igandean, eta sarrerak agortuta daude.
Eskerrik asko Boiseko euskaldunok!
-Artikulua ikuskizunari buruz Idaho Statesman kazetan