euskal diaspora eta kultura
2010/02/23
PUBLIZITATEA
Boise, Estatu Batuak. Joan den asteburuari hasiera emanez, ostiralean iluntzeko zortzietatik aurrera garatu zen ekitaldian eman zion Idaho Humanities Council-ek Patty Miller-i aurtengo bere sari berezi hau, EuskalKultura.com-ek joan den urtarrilaren 29an aurreratu bezala. 1986an ematen hasitako ohore hau humanitateen arloari ekarpen bereziak egin dizkioten pertsona edo erakundeei ematen zaie, gehienetan bizi osoko lana eta ekarpena sariztatuz, eta aurtengoan ere Patty Miller bera, bere lan nekaezina euskal ondarearen eta kulturaren alde azpimarratuz, Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeko zuzendari gisa eta bestela ere, baina azpimarratuz baita ere Boise eta Idahoko euskaldunak euren kulturari segida amerikarra ematen urte luzeetan komunitete gisa egin duten ahalegin nabaria.
[Arthur Hart historialaria, ekitaldian egin zituen hitzetan (argazkia Jennifer Holley)]
Sariaren emate ekitaldia bera lagun arteko omenaldi modukoa izan zen eta euskal komunitatea irribarretsu eta errekonozitua ikusi ahal izan zen bertan, euskaldun bat --nor eta euskal komunitatean ahalegin-biltzaile, proiektu-bultzatzaile eta erakunde aitzindari eta etorkizun-begirale den Euskal Museo eta Kultura Etxeko zuzendaria-- gizarte orokorrak gisa honetan errekonozitua eta ohoratua ikusi izateagatik.
[Idaho Humanity Council'eko presidente Jeff Fox sariaren plaka Patty Miller-i ematen (argazkia Jennifer Holley)]
Patty (Lecona) Miller, Boisen 1961ean jaioa, Idahon bere euskal erroek eta euskalduntasunak eraginda hazi zen bertako belaunaldi bateko partaide da, euskalduntasun horren izaeraz eta geroaz kezkatuta bere buruari hainbat galdera egin eta galdera horiei erantzuten saiatu zen belaunaldi bateko partaide. Bera zuzendari eta lehenengo langile den Euskal Museoa bera Boiseko euskaldunek euren etorkizuna planteatuz egindako galdera eta prozesu horren emaitza eta ondorioetako bat da. Oinkarietako dantzari eta babesle, Biotzetik abesbatzako partaide, kantari baita ere Boiseko bere belaunaldi euskal-amerikarreko zenbait lagunekin, hala nola Gaupasa euskal bandarekin, bereziki Euskal Museoaren proiektuan buru belarri sartu zenetik hainbat ekimenetan laguntzaile, langile eta bultzatzaile prestu izan da.
Urrunago joan gabe, sari-emate ekitaldiaren aurretik, otsailaren hasieran, New Yorken zen, berak Museotik, beste hainbat jendearen lana koordinatuz eta jende askoren lanaren biltzaile antolatutako XXXX euskal erakusketa estreinatzen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus