Hiru hamarkada bete zituen iaz Boiseko Euskal Museoak eta, aurten, erakundea diruz laguntzeko urteroko afarian, mundu osoko euskal diasporak ekarriko dituzte gogora Idaho-ko (AEB) hiriburura. Datorren larunbatean izango da eta nazioarteko euskal apaingarriz jantziko dute Euskal Etxea, bai eta beste euskal diasporen inguruko informazioa mahaietan jarrita ere. “Gauza xumea izango da. Ez dugu espero jendeak asko ikastea, gaiaz harreta piztearekin konformatzen gara”, esan dio EuskalKultura.com-i Annie Gavica antolatzaileak.
Boise, AEB. Euskal Herrian ezaguna da oso Boiseko euskal komunitatea (neurri batean, antolatzen duten Jaialdirengatik eta Ikastola bat ere baduelako), baina ez die horrek burua lar berotzen, badakite-eta euskal diaspora zabala dela nazioartean eta eurak mundu mailako egitate horren parte direla. Hala ere, tamaina hartzeko eta euren bazkide, eta lagunei horren erreferentzia ematearren Museoa diruz laguntzeko urtero antolatzen den afari-ekitaldiak mundu osoko euskal komunitateen inguruan, hau gaitzat harturik, antolatu dute datorren larunbat honetan.
“Uste dut interesgarria izan daitekeela jendeak jakitea egon litezkeela ohitura desberdinak beste euskal diasporetan ”, adierazi digu du Annie Gavica Boiseko Euskal Museoko arduradunak. “Ez dut espero jendeak asko ikastea, gaiaz harreta eta interesa piztearekin konformatuko gara”, esan du.
Ekitaldia Euskal Etxeko areto nagusian egingo da eta sala osoa dekoratu eta informazio orriak jarriko dituzte mahaietan, hainbat argazkirekin batera. “Orain arte, Mexiko, Uruguai, Txile, Argentina, Kolonbia, Filipinak… bezalako herrialdeetako euskal komunitateen informazioa batu dut. Hogeita sei bat herrialde ingurutan daude euskaldunak, beraz norbaitek materiala bidaliz lagundu nahi badu ongi etorria izango da", aipatu du.
Nazioarteko sarea
Gavicak dio AEBetako euskaldunen artean, jendearen araberakoa dela mundu mailako euskal komunitateen inguruko ezagutza maila: “Interesa dutenek badakite zerbait, baina badaude ideiarik ere ez duten batzuk ere”.
Gainontzeko komunitate horiekin elkarlanik egin nahiko luketen galdetuta, “interesgarria” litzatekeela erantzuten du. “Horixe izan ahal da gure hurrengo urratsa, baina ez dakit. Orain arte AEBetako komunitateekin elkarlana egin dugu, eta indartu dugu sarea. Eta Euskadiko gobernuarekin beste horrenbeste. Ikusiko dugu”.
-Afarira biltzeko interesik baduzu, Boiseko Euskal Museoarekin sar zaitez harremanetan (208) 343-2671. Oso sarrera gutxi geratzen dira