euskal diaspora eta kultura
2012/02/22
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. Boiseko Basque Museum & Cultural Center-ek zabalkunde eta erronka garaia bizi du; izan ere, gero eta erakusketa eta informazio eskaera gehiago jasotzen ditu, bai AEBetako leku desberdinetatik eta baita atzerritik ere. "Eboluzionatzen ari gara", azaldu du Patty Miller museoko zuzendari exekutiboak. "Gero eta bisitari gehiago ditugu. Gurekin lan egin nahi duten enpresa eta hezkuntza arloko erakunde askok deitzen digute. Materialak eta erakusketak eskatzen dizkigute, eta erronka berria jarri digute, museoari gizatalde desberdinentzako baliagarria den esanahi berri bat ekartzeko lanetan. Sinestezina da eta une zirraragarria da museoarentzat".
Hain zuzen ere eskaera horiei erantzuna emateko eta museo eta kulturgune bezala hazteko asmoarekin jarri du abian Basque Museumek "Expanding Horizons" izeneko kanpaina. Egitasmo honekin milioi eta erdi dolar bildu nahi ditu museoak 2013 urtea baino lehen. Diru hori museoaren zerbitzuak hobetzeko eta zabaltzeko erabiliko da, bai hezkuntza egitasmoetan zein ikerketa historikoetan, erakusketetan eta bekatan, besteak beste.
Erantzun bikaina
Atzo aurkeztu zen ofizialki kanpaina, baina abian egiaz duela hilabete batzuk jarri zen, museoaren emaileen eta eragileen artean. Erantzuna bikaina izan da eta elkarteak, eskuratu nahi dituen fondoen erdia bildu du jada. Virginia Argoitiak, Idahotik kanpo bizi den emaile eta museoaren lagunak, 525.000 dolarreko dohaintza eskuzabala egin zuen. Beste eragile batzuei esker orotara 250.000 dolar gehiago eskuratu ditu jada museoak.
“Biziki eskertzen dugu emaile pribatu, enpresa eta fundazioen artean egin dugun lehen eskaera honek izan duen erantzuna"; aitortu du Miller-ek. "Gure komunitatearen begietan dugun balioaren baieztapena da. Erronka zail baina ernagarri honentzako abiapuntu ederra da”.
Eusko Jaurlaritzaren babesa
Kanpainak Eusko Jaurlaritzaren babesa eskuratu du baita ere, eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Guillermo Echenique, aurkezpen ekitaldian izan da Boisen. “Boiseko Euskal Museoak egiten duen lana oso garrantzitsua da. Euskaditik milaka kilometrora, euskal historia eta kultura gorde ez ezik, zabaldu ere egiten du, museoaren erakusketa, bilduma eta hezkuntza arloko egitasmoen bitartez", azaldu zuen Echeniquek aurkezpenean. “Egin duen lanarengatik eskerrak eman nahi dizkiogu eta zerumugak zabaltzen jarrai dezan eskatu nahi diogu".
90. hamarkadatik hona, museoak Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso izan du Museotik sortu diren hainbat ekimen gauzatzeko, tartean Boiseko Ikastola bera, helduentzako euskara eskolak, Jacobs-Uberuaga etxearen berrikuntza, edo “Hidden in plain sight: the Basques” erakusketa, soilik batzuk aipatzearren.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus