euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Euskal Museoak haurrentzako euskara eta euskal kultura udalekuak antolatu ditu ekain honetarako

2007/06/01

Boiseko ikastolako bi ikasle kurtsoan zehar egin duten txango batean (argazkia Boiseko ikastola)
Boiseko ikastolako bi ikasle kurtsoan zehar egin duten txango batean (argazkia Boiseko ikastola)

PUBLIZITATEA

Bertako Basque Museum edo Euskal Museoak eskolaurre Ikastola eskaintzen du dagoeneko Boisen --'Euskal herritik kanpo dagoen bakarra', arduradunen hitzetan--. Orain euskarazko irakaskuntzan beste urrats bat eman dute, haurrentzako euskara udalekuak antolatuz. Bi txanda egingo dituzte: bata ekainaren 11tik 15era, Ikastolan ikasi edo euskara pixka bat dakiten umeentzat; eta bestea ekainaren 18tik 22ra, euskara jakin ez baina ikasten hasi nahi dutenentzako. Izena emateko epea datozen egunotan itxiko da.
Basque Museum eta Boiseko Ikastolak haurrentzako udalekuak estreinatuko dituzte aurten. Bertan 8-11 urte bitarteko neska-mutilek euskara eta euskal kulturari hurbildu eta giro euskaldunean bizitzeko aukera izango dute. Haurrek euskal kultura eta Ameriketako euskal komunitatearen historia ezagutuko dute udalekuan, beti ere jarduera ludiko eta dibertigarrien bitartez: jokoak, kantak, kirola, euskal dantzak...

Udalekua Ikastolan ematen diren klaseen gehigarri izango da, baina euskara ezagutzen ez dutenentzat ataria ere bihurtuko da. Bi txanda izango ditu kanpamenduak: lehendabizikoa ekainaren 11tik 15era, etxean euskararekin tratua daukaten edota Ikastolako klaseetara joan diren haurrentzat. Bigarren txanda ekainaren 18tik 22ra izanen da eta honetan euskara jakin ez baina ikasten hasi nahi duten haurrek parte hartu ahal izango dute. Udalekuko joko eta jarduerak hizkuntza berrira hurbiltzeko era erakargarri eta dibertigarria izango dira, bertatik BasqueHeritage.com-i adierazi zaionez.

Ikastolaren lehendabiziko udalekua

NABOk haur helduagoxeagoentzako udalekuak baditu, baina aurten lehendabiziko aldiz egingo dute estatu-mailako udaleku hau Ikastolak eta Basque Museumak. 'Haurrak, gure artean, animaliei edo zientziari buruzko kanpamenduetara joaten dira askotan', azaldu zuen Patty Miller Museoko zuzendariak udalekuen aurkezpenean. 'Bestelako kulturei buruz ikastea ere ona izango da eurentzat'. Udalekuan euskal historia, dantza, musika, sukaldaritza eta kirol klaseak eskainiko dira, Patti Lachiondo, Museoko hezkuntza eta hizkuntza arloko arduradunak agertu duenez.

Boise euskal presentzia nabariena duen hiriburua da AEBtan eta boisetarrek ederki asko ezagutzen dute bertako euskal komunitatea, aktiboa baita oso --aktiboena eta talde 'boisetartuena' seguruenik Idahoko hiriburuan-- ekimen horiei esker, Boise inguruko euskal jatetxeei esker eta, baita ere, euren euskal jatorria agerian azaltzen duten herri, konderri eta estatu mailako hautetsiei esker.

Boisen St. Joseph's Catholic School eskolak euskara ikastaro bat eskaintzen du eta Estatuko Unibertsitateak Euskal Ikasketa Programa jarria du abian. Ikastolan 26 ikasle ari dira aurtengo kurtsoan eta Euskal Museoak beste eskoletako ehundaka ikasle hartzen ditu urtero. 'Euskal jatorrikoak diren eta ez direnengana iritsi nahi dugu', argitzen du Lachiondok. 'Gure kultura konpartitzeko aukera eskaini nahi dugu'.

Boiseko Ikastolako udalekuari buruzko informazio gehiago jaso edo udalekuan izena eman nahi duenak Mara Davies Ikastolako zuzendariarengana jo dezake:

Mara Davis
Director of the Boiseko Ikastola
e-mailez: maraed@boisekoikastola.org
faxez: (208) 336-4801
postaz: Boiseko Ikastola
1915 University Drive
Boise, Idaho 83706 USA


Lotura interesgarriak

Boiseko Ikastolaren webgunea
www.boisekoikastola.org

Basque Museum & Cultural Center, Boise, ID
www.basquemuseum.com

Boiseko Ikastola irakasle baten bila
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2005ko maiatzaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia