Boise, AEB. Koronabirusgatiko itxialdiaren ondotik, ekainean ireki zituen berriz ere ateak Boiseko Euskal Museoak, ordutegia mugatuta eta osasun protokoloak betez. Ekainean online garatu zituen proposamenen artean, San Juan festa ospatzeko “happy hour historikoa” aipa daiteke, John Ysursa historialariaren eskutik. Orain, uztailerako, topaketa birtual berri bat iragarri du, “coffee break” deitu dio (literalki, kafea hartzeko tartea), eta partaideak Ipar eta Hego Ameriketan euskal gazteak izango ditu, leku batean eta bestean euskalduna izatea nola bizi duten hizpide.
“Coffee break”ak Euskal Museoan hezkuntza aditua den Kylie Bermensolo izango du moderatzaile. Eta Hego Amerikako gonbidatuak gonbidatuak 2019ko Gaztemundu programako hiru gazte argentinar izango dira: Tomas Vicente (Macachin-go Euzko Alkartasuna Euskal Etxekoa), Ines Olazabal (Tandil-go Gure Etxea Euskal Etxekoa) eta Alfonsina Leranoz (Buenos Aires Hiriko Euskaltzaleak-ekoa).
Saioa beraz, Boiseko Basque Museum & Cultural Center antolatzaile, uztailaren 10ean izango da, goizeko 11:00etan, Boiseko ordua (14:00etan Argentinan, 19:00etan Euskal Herrian). Parte hartzeko, formulario hau bete beharra dago... eta kafe kikara bat edo norberaren edari gogokoarena ere prestatu, jakina. solasaldi seguruenik oso interesgarri hau gozatzeko eta Diasporan bizitzari buruz ikuspuntuak trukatu eta gehiago ikasteko.
Aldez aurretik galderak bidaltzeko, idatzi kylieb@basquemuseum.eus helbidera.