Orain arte Boiseko Euskal Etxeak paseoak, Korrikak eta herritar eta familientzako zenbait ekimen plazaratu izan ditu (argazkian haurrak, iazko Korrikan parte hartzen). Oraingoan, bizikletan lasai ibiltzea maite dutenei ere eman nahi die aukera (argazkiaEE
Lehenbiziko aldiz batuko dira, Boiseko Euskal Etxearen inguruan, bizikletan ibiltzeko. Bihar ospatuko dute “Txirrindulari Bike Ride” bataiatu dutenaren lehen edizioa eta “erabat irekia izango da, Euskal Etxeko kide zein kide ez direnak batu daitezen, eta doakoa izango da”, Izaskun Kortazarrek Euskalkultura.com-i esan dionez. Kortazar bera eta Geneva Ayarra laguntzaile ibili dira, baina ideia eta antolakuntza Delfina Krakau-rena izan da. Hirurak dira Euskal Etxeko kide.
Boise, AEB. Goizeko 8:00etan lotuko dira Euskal Etxean eta 8:30ean hasiko dira pedalei eragiten. Euskal Etxetik Lucky Peak-era joango dira eta, handik, Euskal Etxera itzuli, 30 kilometro baino pixka bat gutxiago eginez. “Ez da derrigorrezkoa izango dena egitea”, Kortazarren berbetan. Julia Davis Park-ek osatzen duen green belt edo gerriko berdetik igaroko dira pedal zaleak, “arrisku barik, beraz”.
Eta joan nahi, baina bide laburxeagoa egin nahi duten horientzat bi puntu markatu dituzte antolatzaileek: Warm Springs golf zelaia eta Lucky 13 taberna. Gune horietan buelta eman eta hasierako puntura joan ahal izango dira nahi dutenek. “Berez, gura duten tokian eman ahal dute buelta, baina bi leku horiek markatuta, jendeak aurretik pentsa dezake familia edo lagunekin noraino heldu nahi duen, Euskal Etxean, gero, bakarrik ez egoteko”. Delfina Krakau joango da kotxez, txirrindulariak laguntzeko prest, behar izatekotan.
Gurpil gaineko paseoa bukatuta, jatekoak eta edatekoak izango dituzte Euskal Etxean, parte hartzaileek beraiek eramandakoarekin. Idahoko hiriburuan bizikleta zale asko dagoela aipatu du Kortazarrek eta, askotan, mozorroekin jantzitako txirrindu planak egiten dituztela. Hori dela eta, “mozorrotuta etorri nahi duena ere ongi etorria izango da”. “Euskal Etxeko planetara, euskal komunitatekoa ez den jendea hurbiltzea polita da, horregatik jende guztiarentzat erakargarriak izan daitezkeen proposamenak egitea da inportanteena”, bukatu du antolatzaileak.