euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko egunkari nagusiko gastronomia kritikariak euskal sukaldaritza garaikide jatetxe bat eskatzen dio Urte Berriari

2017/12/30

Boiseko Basque Marketeko pintxo eta ano tradizionalak (arg. EuskalKultura.com)
Boiseko Basque Marketeko pintxo eta ano tradizionalak (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urteko data berezietan gaude, opariak eta desioak eskatzeko garaian, tradizioen arabera Santa Claus, Aita Noel, San Nicolas, Hiru Errege Magoak edo Olentzero bezalako pertsonaiei desioak edo opariak eskatu eta hauek egia bihurtu daitezkeen tenorean. Halaxe egin du Estatu Batuetako Boisen, bertako egunkari nagusiko gastronomia kritikariak, AEBetan euskal komunitate handiena duen estatu-hiriburuan faltan botatzen duen zerbait eskatuz: euskal sukaldaritza garaikidea lantzen duen jatetxe bat.

Boise, AEB. Badaude Boisen euskal taberna eta jatetxeak, euskal sukaldaritza eta euskal errezeta ikastaroak ere ematen dituzte, baina aukera hau guztia sukaldaritza molde tradizionalei lotuta dago, edo ahala irizten dio behintzat bertako Idaho Statesman egunkariko James Patrick Kelly kritikariak. Idaho Statesman Boiseko egunkari erreferentziala da eta James Patrick Kellyk argitaratu berria duen artikuluan, bere agiantza edo desioak agertuz sasoi honetan eta urte berriari begira, sukaldaritza arloko eskakizunak egin ditu, eta horietan luzatu du bere galdera, gurari edo proposamena.

Kelly-ren esanetan, "bere euskal sukaldaritza tradizionalagatik ezaguna den hiri batean, harrigarria da ez egotea euskal sukaldaritza garaikiderik berari buruz hitz egiteko. Jakina jende guztiak gozatzen duela kroketa kurruskariak jaten, eta behi mihi astiro sukaldatuarekin tomate saltsa piperdunarekin, Bar Gernikan, Leku Onan edo Meridian-eko Epi' jatetxean zerbitzatzen duten bezala, baina gaur egungo euskal sukaldaritza modernoa zinez botatzen da faltan hemengo sukaldaritzaren panoraman".

Gogora ekarriko dugu, hiriak galdu zuela hiru bat hamarkadetan bertako euskal leku erreferentzia izan zen Oñati jatetxea, instituzio bat hirian, Jesus Alcelay chef oñatiarra buru, sukaldaritza tradizionala eginez. Jesus Alcelayk segitzen du, Euskal Etxeari laguntzen ekitaldi jakinetan, eta bere betiko euskal estiloko ikutua jartzen plater batzuetan Boiseko Cottonwood Grille jatetxean. Hirian ere ikastaroak eman eta euskal errezetak lantzen ditu Basque Block-eko The Basque Market hornidura dendak, Boisen arrakastatsu egin diren ohiko bideak jorratuz beti, Dan Ansoteguik markatutako bidetik.

Kritikariak aipatzen du Seattle hirian, esaterako, 90etan Harvest Vine jatetxea egin zela ezaguna, bertan nagusi eta sukaldari Joseba Jimenez de Jimenez zegoela. Ongi oroitzen dugu guk ere sukaldari donostiarra, bere pintxoak eta euskal sukaldaritzaren enbaxadari lana, nahiz eta, gehitzen dugu, galera izan zen motibu pertsonalengatik hiria utzi eta lehenik AEBetako ekialde kostaldera eta geroago Tailandiara joan izana. Jatetxeak segitzen du, bere emazte ohiak segitu zuen, eta sukaldari berriekin ikutu euskal eta espainiarrekin egiten du lan Seattle-eko agertoki gastronomikoan.

"Joey Serquinia-ri pasatu zion Joseba Jimenez-ek suzia duela hamar bat urte", dio kritikariak. "Serquiniaren euskal sukaldaritzaren ikuspegiak eragin frantsesa dakar. Bere menuak eboluzionatu egiten dute eta sasoiari lotuta daude. Urteko sasoi honetan, foie-gras errea dute protagonista, menbrillo pure eta arropez (mahats sirope erredukzioa), amurraina otxi txigortuan piperradarekin, eta oreina parrilan onddo, ostra eta regaliz erro saltsarekin. Ñam". Olagarroa, arbequin oliba olio eta piper hautsez ere eska dezakeela amesten du.

Gehitzen du James Patrick Kellyk, Boiseko Modern Hotel eta tabernako Nate Whitney chef-ak, hiriko Linen Barrutian, batzuetan euskal inspirazioko eskaintza garaikideak egiten dituela aldatzen doan bere menuan.

Konklusio moduan berresten du erabat ikusten duela Boisen hazten "euskal-frantses fusio kontzeptuko" jatetxe bat, "agian hiriko hotel berrietako batean". "Santa entzuten egotea espero dut", bukatzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia