euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Dan Ansotegui euskal musikariari Estatu Batuetako folk eta arte tradizionaletako ohorerik altuena eman diote

2019/06/19

NEAk (National Endowment for the Arts) saria dela-eta zabaldu duen Dan Ansoteguiren argazkia (arg. Gregg Mizuta)
NEAk (National Endowment for the Arts) saria dela-eta zabaldu duen Dan Ansoteguiren argazkia (arg. Gregg Mizuta)

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. "National Fellowship of the Arts" errekonozimendu prestigiotsua eman diote Boiseko Dan Ansotegui musikariari, Estatu Batuetako folk eta musika tradizional eremuan lor daitekeen sairirik altuena. Idahoko gobernadore Brad Little-k berehala eman zizkion atzo zorionak, azpimarratuz Idaho harro dagoela oso Ansoteguirekin, nazio mailako hain izendapen garaia lortzeagatik, eta euskaldunen historia Boiseren historiako parte dela. Idahoko bost pertsonek bakarrik lortu dute 1982an sortu zenetik sari hau, horien artean beste euskaldun batek, Jim Jausorok (1985). Ikus hemen Dan Ansoteguiren soslaia, National Endowement for the Arts-en webgunean.

Boisen 1959an guraso euskal amerikarren seme jaio zen Dan Ansotegui. Bere aita Domingo, Jim Jausororekin batera euskal musika bikote izan ziren, euskal doinuz jantziz bertako euskaldunen jai eta erromeriak. Oinkariko dantzari izan zen Dan, eta musikari gisa trikitilari eta baita bateriajotzaile Jim Jausororekin, eta txistulari Oinkarientzat. Boiseko Txantxangorriak musika eskolako sortzaile, irakasle segitzen du bertan, bere klaseetatik hainbat gazte pasaturik.

Boiseko azken hiru hamardakada pasexetan sortu diren euskal rock eta folk bandetan ibili da, sortzaile, jotzaile eta eragile, hala nola Ordago, Gaupasa eta Amuma Says No-n. Banda hauekin Idaho eta Mendebaldeko Estatu Batuetako agertokiak ibili dituzte eta Idaho estatuko musika ordezkari ere izan dira. Soinu txikian, Estatu Batuetan hainbatetan ibilia den Joseba Tapiaren ikasle izanik hasi zuen geroztik garatu duen ibilbide luze eta emankorra.

Dan Ansoteguik gazterik euskaldundu zuen bere burua, Oñatin eta Euskal Herrian, eta Boiseko euskal sustatzaileetako bat izan da azken 30-40 urteotan. Bestelako lanetan, Boiseko Gernika taberna sortu eta kudeatu zuen, Boiseko Basque Block-en, hiriko izen propio euskal erreferentziaduna bilakatuz; eta baita Basque Market ere. Denborarekin, eta biak martxan eta arrakastatsu, saldu eta bere eskola-maisu eta irakasle lanera itzuli zen, erretiroa hartu arte. Azken pare bat urteetan, Boiseko Txikiteo izeneko pub eta mokadu jatetxeko arduradunetakoa da.

Aurretik ere eman dizkiote Idahoko Heritage Award (2001), Governor’s Award for Excellence in the Traditional Arts (2004) eta ohorezko aipua Fellowship Awards for Performance through the Idaho Commission on the Arts (2010).

Zorionak, Dan, eta Estatu Batuetako euskaldunak!

-Aurtengo saridunak NEA National Heritage Fellows



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia