euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Athletic Club Peña: "Athletic-i zenbat maite dugun erakutsi nahi diogu, milaka kilometrotara egonda ere"

2015/05/06

Boiseko Athletic Club Peñaren logoa taldeko Michael Perezek egin du
Boiseko Athletic Club Peñaren logoa taldeko Michael Perezek egin du

PUBLIZITATEA

Iragan astean debuta egin zuen sare sozialetan Boiseko Athletic Club Peñak, Idahoko hiriburuko euskal komunitateko athleticzaleek osatua. Estatu iparramerikar honetako euskaldunetan, gehienak bizkaitar jatorridunak dira, eta taldeko arduradunek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, Athletic-ek jarraitzale asko dauzka bertan. Oraintxe, gainera, irrika da nagusi, uztailaren 29ko Athletic-Tijuana lagunarteko partidaren zain. "Oso pozik gaude Boisen lehen mailako futbol partida bat ikusteko aukera izango dugulako", esan digute.

Boise, AEB. Boiseko euskal komunitatea futbolari arreta berezia jartzen ari zaio egunotan, uztailaren 29an bertan jokatuko den partidaren zain. Egun horretan, Jaialdi euskal festa handiaren barruan, Athleticek Mexikoko Tijuana taldearen aurka jokatuko du. Partida horrek irrika eta ilusio handia piztu du Boiseko euskaldunengan, eta testuinguru horretan, iragan astean Boiseko Athletic Club Peña aurkeztu zuten sare sozialetan.

Noiz sortu zen zaletu taldea eta zenbat kide ditu?

-2014ko irailaren 28an sortu genuen Peña Boiseko hamaika athleticzalek. HOnakoak gara, beraz: Henar Chico (presidentea), Joe Lasuen (presidenteordea), Annie Gavica (idazkaria), Mary Lasuen (diruzaina), Argia Beristain, Josu Zubizarreta, Alaina Gavica, Teresa Franzoia, Ryan Boyd, Johnny Boyd eta Martin Bilbao. Duela astebete sare sozialetan iragarri genuen eta gure Facebook orria aurkeztu genuen. Aurki webgune bat ere izango dugu; hor Athletic-i eta Peñari buruzko informazioa emango dugu, eta bazkide berriei izena emateko aukera emango diegu.

- Zergatik Peña?

Duela hiru edo lau urte hasi ginen ideiari bueltak ematen, baina Basque Soccer Friendly (Athletic-Tijuana partida) egia bihurtzen hasi zenean, orduan eman genuen pauso erabakiorra eta sortu genuen Peña. Gure ustez behar-beharrezkoa da taldeari erakustea zenbat maite dugun, nahiz eta milaka kilometrotara egon.

-Boisen ilusio handia piztu du Athletic-Tijuana partidak. Nola bizi duzue euskal komunitatean?

Erantzun bikaina ari da izaten Basque Soccer Friendly partida, eta ez bakarrik euskal komunitatean, baita Boise osoan ere. Irrikaz gaude denak, hemen Boisen lehen mailako futbol partida bat ikusteko aukera paregabea delako, bizitzan behin bakarrik gertatzen direnetakoa.

-Athletic zale asko al dago Boisen? Euskal komunitatetik kanpo ezaguna al da taldea?

Boiseko euskaldun gehienok jatorri bizkaitarra daukagu eta, normala denez, gehienak Athleticen jarraitzaile gara. Baina badira baita ere Realeko eta Eibarreko zaletu batzuk. Euskaldunak ez direnen artean, aldiz, hemen gehienek Real Madrid eta Barcelona ezagutzen dituzte, eta ez hainbeste gainerako taldeak.

-Badira Athletic-en peña gehiago AEBetan: Miamin, Alabaman eta beste bat, sortu berria, NYen. Harremanetan zarete? Zer antolatu duzue Kopa Finalerako eta Boiseko partidarako?

AEBetako peñak harremanetan jarri dira gurekin, zorionak emateko, sare sozialetan aurkeztu garenean. Peña gaztea gara, baina zalantzarik gabe mantenduko dugu kontaktua hemendik aurrera. Errege Kopari dagokionez, Basque Center-en bilduko gara partida ikusteko. Hara datorrenak taldea animatu ahalko du, nahi izanez gero, baita gure peñan izena eman ere.

Boiseko Athletic Club Peñaren Facebook orria.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia