euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boise State Unibertsitateak "Zuretzako" filme idahotarrarekin ospatu zuen Ama Hizkuntzen Eguna

2012/02/23

"Zuretzako" filmeko protagonistak, luzemetraiaren irudi batean (argazkia zuretzakofilm.blogspot.com)
"Zuretzako" filmeko protagonistak, luzemetraiaren irudi batean (argazkia zuretzakofilm.blogspot.com)

PUBLIZITATEA

Boise State University-ko Euskal Ikasketa Programak Ama Hizkuntzen Eguna ospatu zuen atzo, "AEBetan euskaraz errodatu den lehen filmea"ren emanaldiarekin. Zuretzako du izena luzemetraiak eta Javi Zubizarreta boisetarrak zuzendua da. Idahon artzain dabilen euskaldun baten eta bere semearen arteko harremana da filmearen muina. Zuzendariak berak aurkeztu zuen lana eta ondoren ikusleekin solasaldi bat gidatu zuen Joseba Gabilondo zinema adituak. Ama Hizkuntzen Eguneko ekimenak osatuz, Erausoko Katalinari buruzko hitzaldia emango du bihar Basque Museum-en Eva Mendieta unibertsitate irakasleak.

Boise, AEB. "Zuretzako" filma aukeratu zuen atzo Boise Estatu Unibertsitateko (BSU) Euskal Ikasketa Programak Ama Hizkuntzen Eguna ospatzeko. Izan ere, Idahon euskaraz egin den lehendabiziko luzemetraia da "Zuretzako". Javi Zubizarreta boisetar zinemagile gaztea da zuzendaria eta emanaldian izan zen, filmea aurkezteko. Ondoren, Joseba Gabilondo Michigan Estatuko Unibertsitateko irakasleak luzemetraiari buruzko solasaldia gidatu zuen.

“Zuretzako” filmaren protagonista Joaquin da, Idahoko mendietan artzain dabilen euskalduna. Joaquinek gogor egiten du lan, bere seme-alabei bizitza hobea eman ahal izateko. Baina semea mendian berarekin biltzen denean, lanean laguntzeko, orduan konturatuko da aita, bananduta igaro dituzten urteek bien artean sortu duten distantziaz. Filma Zubizarretaren aitonaren bizitzan oinarritua da eta aktoreak zuzendariaren aita eta anaia bera dira.

Emanaldiaren antolatzaileak BSUko Basque Studies Program, BSU Student Programs Board eta Euskadiren AEBetako Ordezkaritza izan dira.

Bihar, Katalina Erauso

Ama Hizkuntzen Eguneko ekimenak osatzeko, bihar Eva Mendieta adituak hitzaldia emango du Boiseko Basque Museum & Cultural Centeren Katalina Erausori buruz. Mintzaldiaren izenburua “The Lieutenant Nun, Catalina de Erauso: A Woman Who Sailed to the New World" da. Mendieta Indiana University Northwest unibertsitateko irakaslea da. Hitzaldia 19:00tan hasiko da eta sarrera doan da. Antolatzaileak Basque Museum & Cultural Center-a eta BSUko Euskal Ikasketa Programa dira. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia