Boise State University-k euskal ikasleei zuzenduriko Basque PHD Scholarships izeneko beka deialdi berri bat egin du, unibertsitateko Euskal Ikasketa Programaren eta Idahoko euskal komunitatearen babesarekin. Bekak jasotzen dituztenek doktoretza egin ahal izango dute Boiseko Unibertsitatean. Bekek matrikula osotasunean ordainduko dute eta, horrez gain, ikasleek 18.000 eta 25.000 dolar bitarteko diru-laguntza jasoko dute ostatu eta gastuetarako. Eskabideak martxoaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.
Boise, AEB. Boise State Universityk euskal ikasleei doktoretza egiteko zenbait beka eskaintzen dizkie, Boiseko euskal komunitateak eta unibertsiteko Euskal Ikasketa Programak lagunduta. Beka hauek ingenieritza, informatika, fisika, geologia, kimika, biologia eta matematika arloetan lizentziatura edo masterra duten euskal ikasleei zuzenduak dira (edo ikasketa horiek aurtengo abuztua baino lehen burutzen dituztenei).
Bekak matrikularen gastuak ordainduko ditu eta 18.000-25.000 dolarreko bidaia-poltsa jasoko dute ikasleek, ostatu eta egonaldiko gastuetarako. Unibertsitateko Euskal Ikasketa Programak eta Boiseko Euskal Museoak bat egingo dute Idahoko euskal komunitatearekin ikasleei harrera egiteko eta euren elkarretaratze eta ekitaldietara gonbidatuko dituzte urtean zehar.
Dokumentazioa eta epea
Beka eskatu nahi dutenek martxoaren 15a baino lehen bidali behar dute eskatutako dokumentazioa, e-mailez Boise Estatuko Unibertsitatera (PeterMullner@boisestate.edu).
Informazio gehiago, hemen.
2013an beka jaso zuten bi gazte euskaldunen lekukotza, hemen.