euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Idahok eta Euskadik hitzarmena sinatu dute euskal eta idahotar enpresen artean lankidetza sustatzeko

2012/02/21

Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia, eta Brad Little, Idahoko Gobernadoreordea, hitzarmena sinatzen atzo Boiseko Kapitolioan
Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia, eta Brad Little, Idahoko Gobernadoreordea, hitzarmena sinatzen atzo Boiseko Kapitolioan

PUBLIZITATEA

Lankitza-hitzarmena sinatu zuten atzo Boisen Guillermo Echeniquek, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak, eta Brad Little-ek, Idaho estatuko Gobernadoreordeak. Hitzarmen honen bitartez bi lurraldeetako enpresen arteko lankidetza sustatzeko bideak bilatuko dira, batez ere energia berriztagarrien eta teknologia berrien alorretan. Akordioak, gainera, aurreikusten du Boisen Euskadiren bulego bat irekitzeko aukera.

Boise, AEB. Boiseko Kapitolioan sinatu zuten atzo Euskadi eta Idahoren arteko lankidetza-hitzarmena Guillermo Echeniquek, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanatarako Idazkari Nagusiak, eta Idahoko Gobernadoreordeak, Brad Little-ek, Lehendakariaren eta Idahoko Gobernadorearen izenean, hurrenez hurren.

Ekitaldiak Idahoko euskal komunitatearen babesa izan zuen, eta bertan izan ziren, besteak beste, Ben Ysursa, Idahoko Estatu Idazkaria; bere aitzindari Pete Cenarrusa, kargu hori bera 47 urtez izan duen bakarra; Roy Eiguren, euskal jatorridun politikaria; Patty Miller, Boiseko Euskal Museoaren zuzendaria; eta David Lachiondo eta John Bieter, Boise State University-ko Euskal Ikasketa Programaren zuzendaria eta zuzendariordea.

Berriztagarriak eta teknologia

Hitzarman hau Jaurlaritzak legealdi honetan beste lurralde batekin egin duen bigarrena da (Akitaniarekin sinatu zuen lehena). Hitzarmen hauen bidez Jaurlaritzak euskal enpresei lurralde hauetan lekutzen lagunduko dien plataforma eta harreman sarea osatzea du helburu. Horrela, Idahorekin sinatu den akordioa dela medio, euskal eta idahotar enpresek osaturiko lantalde bat sortuko da, arlo desberdinetan sustatu daitezkeen lankidetza bideak ikertzeko. Alor horien artean azpimarragarriak dira energia berriztagarriak eta teknologia berriak.

Idaho-Euskadi Hitzarmena 2012

[Ezkerretik eskubira, Pete Cenarrusa, Idaho Estatuko Idazkari ohia eta euskal komunitateko kide ezaguna, Brad Little, Idahoko Gobernadoreordea eta Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia, hitzarmena erakusten atzo Boiseko Kapitolioan]

Hitzarmenaren testuan aurreikusten da ere Boisen Euskadiren bulego bat irekitzeko aukera, eta beste horrenbeste egingo litzateke Bilbon, Idahoren ordezkaritza bat sortuz. Halaber, testuak kultur-harremanetan sakontzea sustatzen du, eta bi lurraldeetako unibertsitateen artean hartu-eman berriak sortzea proposatzen du.

Idaho, enpresa-potentzia

Hitzarmenaren sinadura ekitaldiaren ostean, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak nabarmendu zuen Euskadin ezezaguna  dela "Idahoren enpresa-potentzia; izan ere, Kaliforniako lehen mailako enpresa askok bertara emigratu dute aspaldion. Orain arte esploratu gabe egon den bidea hasi dugu amerikar zein euskal agintariek, eta bi lurraldeen arteko famili-erlazio eta kultur-harremanek ematen diguten erraztasuna baliatu dugu horretarako".

Echeniquek azaldu zuenez, hitzarmen honen abiapuntua dira Jaialdian Euskadiko eta Idahoko agintarien artean egon ziren kontaktuak. Jaialdi Boisen bost urtean behin egiten den euskal jaia da eta AEBetako euskal komunitate osoak parte hartzen du. Aurreko edizioan, 2010ean, Patxi Lopez lehendakaria izan zen bertan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren buruan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia