euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bogotako Euskal Etxeko kideak Kolonbiako Esku Pilota Federazioarekin bildu dira, kirol honi bultzada emateko

2007/08/29

'Chaza'ko pilotari batean sakea. Chaza deitzen zaio Kolonbian jokatzen den bertako esku huskako pilota motari (argazkia MiPutumayo.com)
'Chaza'ko pilotari batean sakea. Chaza deitzen zaio Kolonbian jokatzen den bertako esku huskako pilota motari (argazkia MiPutumayo.com)

PUBLIZITATEA

Bogotán bildu ziren herenegun, astelehena, Kolonbiako Pilota Federazioko goi buruzagiak eta bertako Euskal Etxeko zuzendariak, elkarrekin lan egin eta euskal pilotari bultzada bat ematearren Ekintza Plan Nazional bat abiarazteko aukera aztertzeko. Euskal Etxeak pilota eskolak eskaintzen ditu egun Bogotáko kantxetako batean eta litekeena da Federazioak 2008an Nazioarteko Pilota Norgehiagoka bat Pasto hirian antolatzea. Herrialde osoan, ordea, ez omen dago gaur araudipeko kantxa bakar bat ere, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko iturriek adierazi dutenez.
Bilera, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidente Dominique Boutineauk sustatukoa da, eta partaide izan zituen Alberto Viteri Aguirre, Kolonbiako Pasto hirian egoitza daukan Esku Pilota/Chaza Federazio Kolonbiarreko presidentea --Batzorde Olinpiko Kolonbiarrak eta Nazioarteko Pilota Federazioak onetsitako erakundea da-- batetik, eta hiriburuko Euskal Etxeko zuzendaritzako kideak, Alejandro Cadena Sierrak koordinaturik.

Euskal Etxeak bere kultura egitarauko atal gisa Euskal Pilota ikastaroak dauzka antolatuta, Seminario San Gabriel de Cajica-n eta Centro Cultural Reyes Católicos-eko kantxan, Bogotán.

Nazioarteko pilota elkarretaratzea Kolonbian

Esku Pilota-Chaza Federazio Kolonbiarrak sostengua eskatu zion Euskal Etxeari, Nazioarteko Pilota Norgehiagoka bat eratu nahi baitu Pasto hirian bederatzi hilabete inguru barru --2008ko maiatzean-- eta bertara gonbidatu, besteak beste, 'honako ordezkaritzei: Espainia, Frantzia, Euskadi, Nafarroa, Filipinas, Nevada, Antioquia, Bogotá, Txile, Argentina, Kuba eta Mexiko'.

Bere aldetik, Euskal Etxeak interesa azaldu zuen Bogotáko Euskal Pilota Txapelketa Nazionala sostengatzeko, 2010. urtean. Aldi berean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak bere baitan daukan kezka bat ere plazaratu zen, Kolonbiako egungo hainbat trinkete eta kantxa birmoldatu eta egokitu beharraz, FIPVren arabera 'ez baitago gaur egun herrialde osoan araudipeko kantxa bakar bat ere euskal pilota jokatu ahal izateko'.

Litekeen lankidetza eta Chaza

Bi aldeok mahaigaineratutako gaiak aztertzekotan gelditu ziren, tartean datozen urteotarako ekitaldi plan bateratu bat gauzatzeko posibilitatea, beti ere, aurrera egitekotan, bi erakundeotako buruzagitza eta zuzendaritza batzordeen onespena lortuz gero, adierazi dio EuskalKultura.com-i Euskal Etxeko zuzendari eragile Francisco José Espinosa Iragorrik.

OHARRA: 'Chaza' edo pilota ekuadortarra deitzen zaio --Kolonbia hegoaldean ere jokatzen da, ordea-- tenisarekin antza duen kirol bati, kautxu trinkozko pilota bati jotzeko larruz estalitako egurrezko disko tatxedun bat erabiltzen baitu. 'Raketa' horrek bestelako tankera eta ezaugarriak izan ditzake. Dena den, Kolonbian hedatuen dagoen 'chaza' mota esku huska jokatzen da bi ekipo artean, bakoitza joko-zelaiaren alde batean, Valentziako pilota jokoan egiten den bezala.


Lotura interesgarriak

Centro Vasco-Euskal Etxea de Colombia
www.euskaletxeacolombia.com

Pasto, chaza esku huskako pilota motaren hiriburu
Espainolezko Wikipedian

'Chaza' edo esku huskako pilota moldea argazkitan
Miputumayo.com webgunean

Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntza (EPNF-FIPV)
www.fipv.net

Euskal Herriko Pilota Federazioa (EHPF)
www.ehpk.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia