euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bogotako Euskal Etxeak Bakearen aldeko eskultura inauguratuko du bihar, bere IV. Euskal Astearen barruan

2007/10/10

Xabier Santxotena eta bere emaztea eskulturaren maketa erakusten Euskal Etxearen aurrean (argazkia EuskalEtxeak)
Xabier Santxotena eta bere emaztea eskulturaren maketa erakusten Euskal Etxearen aurrean (argazkia EuskalEtxeak)

PUBLIZITATEA

Xabier Santxotena zizelkari nafarraren lan bat da, Jesus Galindez eta Giza Eskubideen omenez diseinaturikoa. Neurri handiko lana da eta Euskal Etxearen aurrean dagoen Gernika Parkean kokatuko dute. Euskal Etxeak parke hau Bakearen eta Giza Rskubideen aldeko gune bihurtu nahi du eta arte erakusketak eta kultur ekitaldiak antolatuko ditu bertan. Ibarretxe lehendakaria inaugurazio ekitaldian izango da bihar, Bogotako alkatearekin batera.
Euskal Etxea bere IV. Euskal Astea gauzatzen ari da eta elkarteko kideek prestatu dituzten ekitaldien artean bihar Xabier Santxotena artistaren 3,36 metrotako eskultura bat inauguratuko dute Gernika parkean. Eskulturak 'Bakearen eta Giza Eskubideen aldarria' islatzen du eta egileak euskal etxeari eginiko oparia da, Jaime Almanza bazkidearen bitartekari lanari esker. Inaugurazioa 17:30tan egingo dute eta Ibarretxe lehendakaria bertan izango da.

Euskal Etxeak harreman estua du eskultura hartuko duen parke honekin. 1945 urtean Bogotako Udaletxeak Bizkaiko herriaren izena eman zion, 'euskal demokraziaren ikurra den hiriari' omenaldi gisa, Simon Bolivarren arbasoen jaioterri den Bolibar herria ere gertu dagoela gogoratuz.

Galindezi omenaldia

Bakearen omenezko eskultura honen bi besoak argiztatuko dituzten bi foko jarriko dituzte, horrela 'argiak zerurantza joko du, Bakea eskatzen duen aldarria islatuz', Euskal Etxeko arduradunek adierazi dutenez. Eskulturaren diseinua 1998an egin zuen Santxotenak, Jesus Galindezen omenez. 'Euskal Etxeko ordezkaritza bat Arizkungo museoan egon zen iaz eta nire lana gustatu egin zitzaien. Joan den martxoaren 12an Bogotako euskal etxera etorri nintzen, Galindezen bahiketaren 51 urteak betetzen ziren egunean, hain zuzen ere. Orduan eskultura hau berreskuratzea otu zitzaidan', azaldu dio EuskalKultura.com-i Santxotenak. Etorkizunari begira, eskultura euskal etxeak urtero emango dituen bakearen aldeko sarien irudia izango da.

Eskulturaren inaugurazioa proiektu zabalago baten parte da. Euskal Etxeak Gernika Parkea Bakearen aldeko topagune bihurtu nahi du, eta urtean zehar erakusketak eta kultur ekitaldiak antolatuko ditu bertan. Parkearen diseinua Clara Laborde eta Fernando Orjuela arkitektu kolonbiarrek egin dute, Euskal Herritik Manolo Salinas eta Pedro María Basañez arkitektuen laguntza izan dutelarik.

Ibarretxe inaugurazioan

Inaugurazio ekitaldian Ibarretxe lehendakaria, Xabier Santxotena, euskal etxeko presidente Nicolás Gerriko eta José Vicente Katarain presidenteordea izango dira, eta baita Bogotako alkate Luis Eduardo Garzón eta Kolonbia eta Euskal Herriko beste ordezkari batzuk. Cundinamarcako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du.

Ekitaldi honetaz gain, Euskal Asteak gastronomia topaketa bat ere egingo du. Ekitaldi hau Habitel Hotelean izango da, Challenger konpainiaren babesarekin. Santiago Ramírez, Gamarrako Gastronomia Eskola arabarreko buruak zuzenduko du, Sabin Andoni Unamuno chefarekin. Gainera, euskal astean zehar Kolonbiako Emprebask elkartea aurkeztuko dute, euskal jatorriko enpresarien elkartea, Rodrigo Arizabaleta eta Jose Vicente Katarain zuzendari.


Lotura interesgarriak

Bogotako Euskal Etxea
www.euskaletxeacolombia.com

Aurtzaka dantza taldearen kolonbiar bira
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia