euskal diaspora eta kultura
2011/05/17
PUBLIZITATEA
Bogota, Kolonbia. Eusko Jaurlaritzako iturriek euren sostengua adierazi diote 2009ko uztailetik hona Euskadiren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako Ordezkaritzako buru den Iñaki Martinezi, lekuz kanpoko adierazpenak direla, eta jarrera horretan interes partikularrak eta irabazteko asmoa daukaten enpresen interesak daudela nahasita esanez, ez omen zaie utzi-eta Ordezkaritzatik berez euskal Administrazio publikoari dagozkien ekimenak garatzen. Iturri berberen arabera, azken egunotan e-mail eta atxikimendu ugari iritsi dira Kolonbiako Ordezkaritzara Iñaki Martinezen lana goratu eta eskertuz, bertako euskal gizataldeko hainbat kidek eta bertan lanean ari diren enpresariek idatziak.
Salaketa idazkia Bogotako Euskal Etxeko lehendakariorde Jose Vicente Katarainek --ez Bilbon bizi den lehendakari Francisco Abrisketak-- sinatzen du, Emprebask-Kolonbiako presidente Rodrigo Arizabaleta eta Euskal Etxeko Biltzarreko presidente Julio Mendozarekin batera eta bertan, lehenengo zati batean, Bilboko Arte Ederretako Museoko abokatuari, Ion Artatxori, egozten zaio --Iñaki Martinezekin bat eginik-- "idatzizko erasoak" egiteaz eta "Euskal Etxea eta Emprebask baztertu nahi izana" Bogotatik Bilbora Kolonbiako Urre Museoaren erakusketa ekartzeko ekimenetik eta hori izan zen "lorpen handitik", nonbait Bilboko Arte Ederren Museoan datorren ekainaren 4ean zabalduko den erakusketa honen proposamen eta gauzatzeko ahaleginetan zerikusia izandakoak baitira bi erakunde euskal-kolonbiarrak, egun hala ez bada ere.
Sinatzaileen bigarren salaketa batek Iñaki Martinezen "jasanezinezko ezinikusia Euskal Etxearen eta Emprebask-Kolonbiaren kontra" mahaigaineratzen du, ordezkariaren "ekitaldi politiko alderdikoi eta baztertzaile"ekin batera. Hau guztia ezin izan zitzaion aurkeztu Guillermo Echeniqueri, "dokumentuekin", honek Bogotara egin berri duen bidaian, "Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak ez baitzuen bere agendan sartu Emprebask-ekin biltzea, ezta ere Euskal Etxea bisitatzea 2011eko apirilean Bogotara egindako hiru eguneko bisitan".
Idazkiak esaten du baita ere Iñaki Martinezek "beto onartezina ezarri ziola Euskal Etxearen liburu bati" 2010eko Bogotako Liburu Azokaren euskal stand-ean ordezkariak "haserre agindu baitzion stand-eko arduraduna zen Vilma Parrari, bertatik kentzea Josu Legarreta aurreko Euskal Gizataldeetako zuzendariaren liburua, Euskal Etxeak argitara emana, liburu politiko ez-egoki eta alderdikoitzat joz". Horrekin batera salatzen ditu Martinezen "interbentzioak barne politika kolonbiarrean", hauteskunde garaian, "Kolonbiako Euskal Ordezkaritza bati ez dagozkionak".
Sinatzaileek hau guztia salatzerakoan, "euren ezadostasuna adierazi diguten Euskal Etxeko kideak" gogoan egiten dutela diote, "Martinez ordezkariak Kolonbian daramatzan bi urteetan ez baititu sekula Ordezkaritzara gonbidatu, hau Kolonbiako euskaldunen egoitza ezik bere lagunminena edo alderdikideena izango balitz bezala".
"Birritan bakarrik gonbidatu ditu Euskal Etxeko bazkide batzuk, eta gure Zuzendaritza Batzordekoak, eta guretzat sorpresa izan zena, Ordezkaritzan anfitrioi lanetan aritu zitzaizkigunak Euskal Etxetik baztertutako kide ohiak izan ziren hain zuzen", diote.
Euskal Etxeko lehendakariorde Jose Vicente Katarain-ekin harremanetan ipini da buletin hau eta kaleratutako prentsa-oharrera bideratu gaitu, beste ezer emendatu nahi izan gabe. Bere aldetik, Iñaki Martinezek ere, Euskal Etxeak eta Emprebask-Kolonbiak plazaratutako oharrean esaten dena ukatzeaz aparte ez du bestelako iruzkinik egin nahi izan, beti ere xehetasunetarako Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak Legebiltzarrean gai honi buruz maiatzaren 24ean egingo duen agerraldira bideratuz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus