Euskal Etxeko kide eta lagunei zuzendutako hitzaldian futbolari buruz ez ezik, bere sustraiez ere mintzatu zen amaren aldetik ere abizen euskalduna –Aristegui– duen Rodolfo Arruabarrena zuzendari teknikoa. Chacabucuko inguruko herrietako euskal etxeetako futbol zaleak bertaratu ziren topaketara, besteak beste, Junin eta Pergaminokoak.
Chacabuco, Argentina. Ezohiko aktibitate bat antolatu zuen Guillermo Larregui Euskal Etxeak azaroaren 30an, ‘el Vasco’ Arruabarrena eta herriko bertako Roberto “Tito” Urretavizcaya TC kategoriako pilotua lagun. Pablo Pavesa instituzioko lehendakariak Euskalkultura.com-i azaldu dionez, “Arruabarrenak hiria bisitatu zuen ‘La Nº 12’ delako lagunarteak antolatutako afari batean parte hartzeko; beraz, egonaldia baliatuz, harrera berezi bat egin genion Euskal Etxean”.
Zuzendaritza Batzordeko kideek, dantzariek eta muslariek eman zioten ongietorria Boca Juniors klubeko DTri. Horren ostean Alaia taldeko dantzariek ‘Agurra’ eskaini zioten eta euskal oroigarriak ere eskuratu zizkioten “Chacabucoko Euskal Etxearen oroitzapen polita izan dezan” adierazi digu Pavesak.
Publikoarekin hitz egiteko garaian, futbola izan zen gai nagusia. Hala ere, euskal sentimendua ere aipatu zuen mundu mailan ospetsua den futbolariak: “Nire bizitan ezagutu ditudan euskaldun asko ni bezain burugogorrak dira” azpimarratu zuen. Euskal sentimendu hori, gainera, aitaren aldetik ez ezik, amaren aldetik ere jaso zuen jokalariak. “Amak Aristegui du abizena eta biak, ama eta aita, joan ohi dira Marcos Paz euren herriko euskal etxera”, jakinarazi zuen ‘El vasquito’ ezizenarekin ezaguna den zuzendari teknikoak.
Arruabarrenarekin batera, herriko izen handiko beste kirolari batek ere hartu zuen parte topaketan. “Roberto ‘Tito’ Urretavizcaya Chacabucoko euskal kolektibitateko erreferentea da eta horregatik oso garrantzitsua iruditu zitzaigun bera ere gonbidatzea”, azaldu digu Euskal Etxeko presidenteak. Ekintzaren berriak herriko mugak gainditu zituen eta Junin eta Pergaminoko euskal etxeetako lagunak bertaratu ziren Chacabucora talde xeneize-ren jokalari ohia eta gaurko teknikaria ezagutzera.