euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Blanca Urgell Kultura sailburuak Etxepare Institutua 2010ean ez aktibatzea litekeena dela uste du

2010/02/15

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Blanca Urgell (argazkia Eitb.com)
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Blanca Urgell (argazkia Eitb.com)

PUBLIZITATEA

Badirudi luzerako doala. Posible da oso Eusko Jaurlaritzaren Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko kultura ekimen guztiak koordinatzeko sortu zen Etxepare Euskal Institutua ez hastea lanean aurten, finkatuta dituen 10 lanpostuak betetzeko prozesua jasaten ari den atzerapenak direla-eta. Hala adierazi du joan den ostegunean erakunde hori bere ardurapean duen Kultura saileko buru den Blanca Urgell-ek. Etxepareren azpiegitura osoa eta gainerako guztiak prest daude, zai zuzendari bat izenda dezaten eta LABek lanpostu deialdiaren aurka aurkeztutako errekurtsoari buruzko epaileen deliberoaren beha baita ere. Duela bi aste, Euskal Erkidegoko Justizia Epaimahai Gorena sozialeko jurisdikzioaren alde erabaki zuen, eta honek areagotu egingo du berriz ere atzerapena.

Donostia-San Sebastian. Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell-ek joan den ostegunean Eusko Legebiltzarrean Leire Corrales legebiltzarkide jeltzaleak egindako galderei erantzutean jakinarazi zituen datuok. Izan ere, esan zuen, Etxepare Institutuaren langileen gaia normalizatzeak pentsatu baino denbora gehiago har dezake eta, beraz, "arrazoitsuena eta zentzuzkoena, Etxeparek bere langile propioak izan arte marka propioko ekimenik ez egitea da".

Ondorioz, litekeena da Jaurlaritzaren Euskal Erkidegotik kanpoko kultur ekintza koordinatzea helburu duen erakundeak aktibitaterik gabe segitzea 2010 honetan, nahiz eta milioi eurotik goragoko aurrekontua onartua duen aurtengorako eta behin-behineko egoitza ere egokitua, eta zegozkion obrak eginda, Donostiako Prim kalean, behin-betirako egoitza Tabakalera eraikinaren baitan izango baitu beste proiektu handi honen obra guztiak bukatutakoan.

Urgellek argitu zuen Etxeparek ekintza propiorik ez izateak ez duela esan nahi behin abiatutakoan bere izango dituen ekintzak geldituta daudenik, "aurten ere egin dugun bezala, Kultura sailetik eta Euskara sailburuordetzatik gauzatuko baititugu".

Euskal Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenak joan den maiatzean onartu zuen LABek Kultura saileko aurreko agintariek egindako Etxepareren lanpostuen deialdiaren kontra jarritako Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa eta duela bi aste sozialeko juridikzioaren alde erabaki zuen, beraz "auzia oraindik gehiago luza daiteke".

Sailburuak ziurtatu zuen "inork ez du(ela) guk baino interes gehiago Institutua abiarazteko". Gehitu zuen, atzerapen hau ekarri duen lanpostu deialdiaz, gauzak askoz aurreratuagoak leudekeela baldin eta aurreko legealdian egin izan ez balira hain modu arin eta txapuzeroan".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia