euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizkaitar gastronomia eskaintzen duen jatetxea zabalduko du New Yorkeko hotel batek urritik aurrera

2010/06/30

Iparamerikarrak Aitor Elizegi sukaldariarekin jakiak prestatzen, Bascook jatetxean. (Argazkia: Deia/Oskar Martinez)
Iparamerikarrak Aitor Elizegi sukaldariarekin jakiak prestatzen, Bascook jatetxean. (Argazkia: Deia/Oskar Martinez)

PUBLIZITATEA

New Yorken denetatik aurki daiteke eta urriaren 9tik aurrera bertako hotel batean bizkaitar sukaldaritza dastatzeko aukera ere izango du bisitariak. Izan ere, euskal eta bizkaitar sukaldaritza eskainiko duen Bar Basque delakoa zabalduko da Manhattanen. Pasa den asteazkenean akordioa sinatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta New Yorkeko Seigarren Hiribideko 851.ean ireki berria den luxuzko Eventi Kimpton hotelak. Hitzarmen hori medio, hotelak aukeratutako bertako sukaldariak Bizkaira bidaiatuko dira eta aldi berean Bizkaiko bi sukaldari bi hilean behin New Yorken izango dira, Etxeorratzen Hirian bizkaitar eta euskal gastronomiaren astea antolatu eta hoteleko ohiko kartan bi plater txertatzeko.

New York, AEB. “Gastronomia New Yorkeko merkatura sartzeko ate bikaina da”, adierazten zion Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo zuzendari Gabino Martínez de Arenazak Deia egunkariari. Bizkaiak turismo alorrean eskaintzeko dituen aberastasunak erakusteko eta merkatu estatubatuarrean muturra sartzeko gastronomia erakarle baliagarria izan daitekeelakoan, tratua sinatu berria du foru erakundeak New Yorkeko hotel berrienetako batekin, Eventi Kimpton-ekin, bizkaitar eta euskal gastronomiak lekua har dezaten hoteleko eskaintzan, izan ere urritik aurrera bertan zabalduko den euskal taberna eta jatetxearen eskutik.

Hitzarmena medio, formakuntza hartuko dute Bizkaian Eventi Kimptonek izendatzen dituen iparamerikar sukaldariei, eta aldi berean bi hilean behin chef bat bidaliko du Bizkaiko Foru Aldundiak hiru laguntzailerekin, euskal eta bizkaitar moldeak bertan erakutsi eta Bizkaiko produktu eta jan-edanek presentzia hazkorra izan dezaten.

Xedea, New Yorkeko bihotzean bertan, bizkaitar sukaldaritza ezagutzera eman eta sustatzea. Karia horretara, Foru Aldundiak euskal sukaldarien Ameriketarako bidaia ordainduko du, eta hotelaren esku geldituko da sukaldarien ostatu eta egonaldia.

Azken hilabeteotan hotel iparamerikarreko sukaldari arduraduna Bizkaian izan da eta bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu bertako itsas mundua, txakolin mahastiak eta oro har gastronomia eta produktuak. Honi guztiari buruz, hemen irakur daiteke Deia egunkariak argitara emandako artikulua. Bestetik, Jon Mujika kazetariak elkarrizketa egin dio kazeta berean gai honi buruz Aitor Elizegi sukaldariari.

-Hotelaren webgunea: http://www.eventihotel.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia